Ostadar SKTko Euskal Ligako taldeek, denboraldia hasteko atzerako kontaketa

Txintxarri Aldizkaria

Aurreko denboraldiko Euskal Ligako neurketa.

Abuztu amaieran denboraldiaurrea hasi zuten Ostadar SKTko Euskal Ligako ordezkariek. Hilabeteko lanaren ostean, hilaren 3an eta 4an, bi taldeek Sestaon (Bizkaia) emango diote hasiera txapelketari

Urdin-beltzek aurten ere ordezkaritza bikoitza izango dute aipatu kategoria horretan, talde bat 1. mailan eta beste bat 2. mailan. Lehena Asier Acuriola eta Paula Martinezek zuzendua izango da eta bigarrenean, aldiz, Jose Vicente Holgado eta Luciana Aufet izango dira prestatzaileak.

Jokalari berriak

Indar berrituekin ekin zioten ikasturteari boleibol taldeek, udan mugimendu ugari izan ondoren. Taldeko prestatzaileek azaldu dutenez, bi taldeen artean zazpi jokalarik utzi dute kluba arrazoi pertsonalengatik eta hamar jokalari berri fitxatu dituzte: "Beraz, hasierako lana jokalari berriak gure joko sisteman txertatzea izan da".

Horretarako, denboraldiaurrean bi astez elkarrekin egin zuten lan bi taldeek eta ostean, banatu egin ziren. "Taldeak egokitu behar izan ditugun arren, ilusionatuta gaude eta konpromisoa handia da", nabarmendu dute. 

Igoera helburu

Denboraldiko berritasun nagusi gisa, Euskal Ligako 2. maila bi multzotan (A eta B) banatu dela jakitera eman digute Ostadar SKTko arduradunek. A taldea hamar ekipok osatzen dute, eta horixe da mailaz igotzeko aukera ematen duen bakarra.

Aurreko ikasturtean egindako lan bikainari esker, Lasarte-Oriako ordezkariak 2. mailako A multzo lehiakor horretan jokatuko du zuzenean. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxako aurkariak izango ditu Ostadarrek.

Lehen taldeari dagokionez, aurten ere kategoria horretan lehiatzen den Gipuzkoako talde bakarra dugu urdin-beltzena. Bizkaia, Araba eta Errioxako ordezkariei egingo die aurre Asier Acuriolaren taldeak.

Hemen talde bakoitzaren aurkariak:

Euskal Liga, I. maila

  • CV Madre de Dios Universidad de Deusto
  • Ikalde Gasteiz
  • OCISA CVC Logroño
  • CV Sestao
  • Vialki Jatorkide
  • Getxoko Aixerrota BKT
  • Galdakao Boleibol taldea
  • Marierrota Lekeitio
  • HRV Embalajes Novalgos

Euskal liga, 2. maila

  • Aixerrota
  • CD Universidad de Navarra
  • Bera Bera
  • CV Sestao
  • Tolobolei
  • Navarvoley
  • Galdakao Boleibol taldea
  • Escolapios
  • D'Elhuyar Logroño

Boleibol sailaren helburua partidaz partida taldeak lehiakor izatea eta igoera faseak jokatzea izango da. Era horretara, iragan denboraldian lortutako mugarria errepikatuko lukete; lehen taldeak maila nazionalerako igoera jokatu zuen eta bigarrenak, lehen mailakoa.

Lehen hitzordua arestian aipatu moduan, hilaren 3an eta 4an jokatuko dute Euskal Ligako ordezkariek. Lehena kantxara ateratzen 2. mailako taldea izango da; egun bat geroago, lehen ekipoa izango da lehian.Liga ongi hasteko garaipeneko puntuen bila joango dira Bizkaira Ostadar SKTko taldeak.