Iazko Euskal Jaia "jendetsua eta arrakastatsua" izan bazen, aurtengoa areago izan da. Hala berretsi dute Agustin Valdivia Calvo alkateak, Euskara saileko arduradun Estitxu Alkortak eta Ttakun Kultur Elkarteako ordezkari Arkaitz Illarramendi Sarabiak; berriki ospatu den jaiaren balorazioa egin dute, eta horren berri emateko oharra helarazi diote TXINTXARRI aldizkariari.
Lasarteoriatarrek Euskal Jaia "gustuko" dutela erakutsi dutela nabarmendu dute: "Goiz-goizetik, herriko eragileek eta herritarrek bat egin zuten ospakizunarekin eta jendetsuak izan dira antolatutako ekimenak".
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, "250 herritar baino gehiago" izan dira egitarauak jaso zituen ekimenetan parte hartu zutenak, eta, ikusle gisa ere "jende asko" bertaratu zen. Antolatzaileek uste dute horrek "herri izaera eta nortasuna" eman diola ospakizunari. Aldi berean, azpimarratu dute Euskal Jaia antolatzeko herriko eragileen parte hartzea "ezinbestekoa" dela erakutsi dutela. Hori horrela, alkateak gaineratu du etorkizuneko ospakizunetan "bidelagun" izaten jarraitzea gustatuko litzaiokela udalari, baita "eragile gehiago inplikatzea" ere.
Egitarau zabala
Aurtengo egitaraua iazkoa baino "zabalagoa" izan dela oroitarazita, bazkarian berrehun lagun elkartu izanari azpimarra berezia egin diote: "Kontuan hartzeko kopurua da. Aurreko edizioko zenbatekoa bikoiztu dugu, eta, hori baino, giroa nabarmendu behar da. Oso giro jatorra sortu zen bazkarian eta bertaratu zirenek Andoni Ollokiegiren kantu saio zirraragarriarekin gozatzeko aukera izan zuten". Era berean, Okerra eta Oztaran harrien sariketaz ere solastatu dira: "Sariketa ofiziala izan da lehenengoz, eta, harrijasotzaileek marka bikainak ezarri zituzten". Gizonezkoetan, Xabier Aranburuk irabazi zuen 140 kiloko Okerra harriari 11 altxaldi emanez eta, emakumezkoetan, berriz, Olaia Esnaolak bederatzi altxaldi eman zizkion 88 kilogramoko Oztaran harriari. Horri dagokionez esan dute datozen urteetan jarraipena eman asmo diotela: "Harri jasotzaileen erronka izango da marka haustea, eta, gurea, aldiz, sariketari segida ematea”.
Nortasuna, kultura, hizkuntza
Euskal Jaia "ospakizun festa" izan bada ere, "euskal nortasuna, kultura eta euskara sustatzeko helburua" ere izan du. Hilaren 17an eta 18an aurrera eramango den Euskal Maratoiak hiru ezaugarri horiek barne hartzen ditu eta, hori horrela, Euskal Jaiaren antolatzaileek aitortza egin zioten. Okerra harriaren erreplika bat jaso zuen ekimenak.
Horren harira, Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Arkaitz Illarramendik jakinarazi du, hemendik aurrera elkarte, eragile edo norbanako batek jasoko duela aintzatespena Euskal Jaian: “Euskararen sustapenean nabarmentzeagatik egingo diogu urtero aitortza norbaiti. Ekitaldi xumea da, baina, guretzako esanahi handia duena”.
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, datorren urteko Euskal Jaiaren data iragarri dute: urriaren 16a. “Aurtengoa aurreratu egin dugu Euskararen Maratoiarekin bat egin ez zezan, baina, datozen hiru edizioak, 2027koa, 2028koa eta 2029koa urriko hirugarren astean egingo ditugu".