Azken asteetan Andatza plazan entseatzen ari gara, kalean. Eta zergatik? Gaztelekuaren kudeaketa txarra egiten duelako udalak. Abuztuan itxi egiten dute espazioa eta, horregatik, materiala uztailean atera behar izaten dugu bertatik. Hilabete horretan izena eman behar dugu baita ere hurrengo ikasturtean erabiltzen jarraitu ahal izateko. Aurten, ordea, ez dugu horretarako aukerarik: 11 kide gara eta esan digute geletan gehienez sei aritu gaitezkeela batera, ez gehiago. Arau hori berriki asmatu dutelakoan gaude, iaz ez baikenuen alde horretatik arazorik izan, nahiz eta egia den eremu horretan estu samar ibili izan garela. Baina moldatu, moldatu gara. Gela handiago bat badago Gaztelekuan, beti okupatuta omen dagoena, baina ez digute esaten zertarako. Guk hutsa ikusi izan dugu.
Iruditzen zaigu araudia ez dagoela argi eta neurriak ez dituztela beti berdin aplikatzen. Esate baterako, Gaztelekuko erabiltzaileek gehienez 30 urte izan behar dituzte baina urte gehiago dituztenek erabili izan dituzte entseatzeko gelak. Ez dugu musika taldeen aurka egin nahi inola ere, udalak fundamentuz jokatzeko duen ezintasuna erakutsi baizik. Arau batzuk aplikatzerako orduan zorrotz eta beste batzuetan ez?
Horri lotuta, ordutegiak oso mugatuak dira. Adibide bat jartzearren, herritik kanpo emanaldiren bat badugu arratsalde-iluntzean, bueltatzen garenerako Gaztelekua itxita dago eta ezin dugu materiala bertan gorde. Alternatiba zein da, gure autoetan gordetzea eta lapurtuak izatera arriskatzea?
Horregatik guztiagatik, herritik eta herriarentzat sortua izan den txaranga honetako kideok ez dugu baldintza aproposetan entseatzeko toki finkorik. Argi dugu Oriako kaperak ez dituela gure eskakizunak betetzen eta ez garela bertara joango. Bitartean, Andatza plazan entseatzen jarraituko dugu. Udalari konponbide azkar, egoki eta egonkorra eskatzen diogu, baita alor guztietako eragileak zaintzeko ere.