Bandera igotzearekin batera ekin diote gozatzeari

Iñigo Gonzalez Sarobe

Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna da gaur, hilak 1. Hori baliatu dute Biyak Bat egoitzako kideek ospakizun asteari ekiteko: elkartearen bandera igo dute eguerdian eta uneko eguraldi txarrari kalejiran dantzatzen aurre egin diote. Hori bai, aurreskua dantzatu behar zuen dantzari gaztea erosoago eta seguruago ariko zelakoan, barruan jarraitu dute festa. Luntxa ere egin dute.

Kale Nagusiko 40. zenbakian dute egoitza Biyak Bateko lagunek. Estaltzeko toki gehiegirik ez duen eraikina da, euritik gutxi babesten duena. Hori, ordea, ez da Adinekoen Omenaldi Asteari giro ederrean ekiteko oztopo izan: bertaratu direnek bandera igota eta trikitixaren doinupean kalejira eginda topatu dute aterpea. Horren aurretik, elkarteko presidente Lucia Muñozek hartu du hitza: "Lasarte-Oriaren historiaren funtsezko zatia gara adineko pertsonok; aste honetan zehar elkartzea eta bizitza ospatzea dagokigu".

Hugo eta Judith gazteek girotu dute hasiera ekitaldia: eskusoinua jo du aurrenekoak eta aurreskua dantzatu du bigarrenak. Espaloia bustita zegoela-eta, elkarte barruan aritu da, fin-fin. Ondoren, artistak eta ikusleak, denak sartu dira gela batera, sabelak bete eta eztarriak freskatzera.

Egitaraua, egunez egun

Hilak 2, ostirala

  • 11:00etan, Okendo plazatik abiatuta, Ondo Ibili ibilaldi osasuntsua jarduera.
  • 12:00etan, Antonio Mercero aretoan, ibilaldian parte hartu dutenentzako luntxa.
  • 19:00etan, kultur etxean, Biyak Bat koruko kideen emanaldia.

Hilak 3, larunbata

  • 09:30ean, Okendo plazatik abiatuta, Ibilaldi Neurtua jarduera.
  • 18:30ean, Oriarte Landaberri institutuko patioan, Epsilon taldearen kontzertua.

Hilak 4, igandea

  • 12:30ean, San Pedro parrokian, meza.
  • 14:00etan, Michelin kirol gunean, bazkaria eta ondorengo dantzaldia, Trio Galea-ren eskutik.

Hilak 5, astelehena

  • 10:00etan, Maialen Chourraut kiroldegian, gimnastika erakustaldia.
  • 16:00etan, Biyak Bat egoitzan, mugikortasun jokoak.

Hilak 6, asteartea

  • 17:00etan, Isla plazan, dantza erakustaldia.

Hilak 7, asteazkena

  • 18:00etan, Biyak Bat egoitzan, jokoetako sari banaketa eta txokolate jana.

Hilak 8, osteguna

  • 10:40ean, Biyak Bat egoitzatik abiatuta, Ama Brigitarren komentura arteko kalejira.
  • 11:00etan, Ama Brigitarren komentuan, meza.
  • 12:00etan, Biyak Bat egoitzan, opari banaketa urrezko ezteiak bete dituztenei.
  • 14:30ean, Herriko Etxea jatetxean, bazkaria. Ondoren, dantzaldia, Niko DJk jarritako doinuekin.

Erlazionatuak

Adinekoen Omenaldi Astea hasi da

Txintxarri Aldizkaria urr 01, 17:09 Gizartea