17:00etan, gazteen arteko Joko Garbi neurketak izango dira eta ostean, nahi duenak xextoak eta pilotak probatzeko aukera izango du. Nola jardun irakasteko elkarteko kideak izango dira.
19:30ak aldera, trikitilarien laguntzaz, indarrak berreskuratuko dituzte mokadutxo bat hartuz.
Eta azkenik, 20:30ean, ERREBOTEA. Plaza-joko baten muina bideoa ikusiko dute. Zubietako errebote partida baten testuinguruan, jokoa ulertzeko gako nagusiak biltzen ditu ikus entzunezkoak. Solasaldirako eta zalantzak argitzeko tartea ere izango da.
Horrez gain, hilaren 4an, erreboteko Enrike Abril txapelketako finalerdiko partida jokatuko da: Luzean-Kanboarrak. Zubietako pilotalekuan, talde lapurtarren arteko neurketa lehiatzen ari den bitartean, ikusleen artean egongo diren Zubietako elkarteko kideek jokoaren gaineko azalpenak eskainiko dituzte gerturatzen diren gozamenerako.
Intza KE, bikain
Kluben arteko Gipuzkoako txapelketa ere aurrera doa eta Intza KEko kideek bost partidetatik lautan garaipena erdietsi zuten aurreko jardunaldian.
Gomazko palako bikoak 9-25 irabazi zion EPLE 2ri. Eskuan, Kadete 3. mailako kideek 22-15 garaitu zuten Alde Zaharra eta 1. mailakoek, aldiz, 22-18 Oiarperi. Eta nagusien 2. mailako kideak 22-16 gailendu ziren.
Jubenil 2. mailako kideek bakarrik galdu zuten Tolosa 2ren aurka, 22-16.