Zabaleta Auzolan elkarteko lokalean bildu ziren herritarrek atzo ez zuten irratia piztu behar izan Arritxu Iribar eta Joxemari Apaolaza kazetarien ahotsa entzuteko. Iribarren erretiroa dela-eta, bi kirol kazetari eta lagunek albisteak alde batera utzi eta hamaika gaien inguruan aritu ziren solasean.
Basotxo plazan lehen tantak hasi bezain pronto sartu ziren lokalaren berotan. Zabaleta Auzolan eta Bizipozako kideak, Aspanogi elkarteko ordezkariak, Haimar eta Joseba Zubeldia zein Markel Irizar txirrindulariak, Joseba Apaolaza eta Jon Altuna kirol kazetaria eta herritarra aulkietan eseri eta Joxe Mari Agirretxek Arritxu Iribar aurkeztu zuen. Horretarako hamar urtez, Zarautzen Aspanogiren alde antolatutako Mobibike Egunaren sorreraren inguruan aritu zen eta Iribarrek bertan zuen paperaz: "Arritxuk baiezkoa eman zuen eta bere kontaktuei esker, beti zegoen kirolari ezagunen bat ekintzan". Haren eskuzabaltasuna eta prestutasuna nabarmendu zituen.
Elkarrizketa egiteko, ordea, urtetan Iribarren lankide izandako Joxemari Apaolazari eman zion txanda. Kazetari, Gipuzkoako txirrindularitza federazioko kide, zinegotzi... Iribarrek egindakoak zenbatu zituen Apaolazak eta horien gainean, galdera ugari egin zizkion. Erretiratu osteko omenaldiak eta bizitza, txirrindularitza eta harrobia, kirol kazetaritzaren garapenaz, bizipenak, oroitzapenak edo pasadizoak lagun arteko solasaldia izan zen eta lokaleko ikusleek ere izan zuten tartea euren galderak egiteko.
Amaitzean, omenaldiaren txanda iritsi zen. Bizipozako kideek Aspanogiko maillot bat oparitu zioten eta horrekin batera, Jon Maiak idatzitako bertsoa abestarazi zioten Arritxu berari. Honakoak bertsoaren hitzak:
| Arritxu, Arritxu Iribar, itzal handiko izena, herri honen historian idatzita dagoena, euskararen ahots sendo, garbia eta ozena, ai guztiek baleukate zure elkartasun sena. Etapa gogorrenetan konpromisoan lehena, emakume eskuzabal, printzipiotan zuzena. Bihotzez maite zaitugu, diozuna ta zarena, zure irri eder horren atzean dagoen dena! |
Eta ekitaldiari amaiera emateko, mokadutxo baten inguruan, kontakizun eta istorio gehiagorako tartea ere izan zen.