Hori-beltzek Sanpedrotarrak izan zuten aurrez aurre Kopako final zortzirenetan Maialen Chourraut kiroldegian eta penaltietan galdu zuen txapelketan aurrera egiteko txartela.
"Pena bat da. Nagusi izan ginen", azaldu du Francisco Javier Perez Kixki entrenatzaileak. Izan ere, atsedenaldira iristean Eguzkik neurketa kontrolpean zuela zirudien; etxekoak 3-1 aurreratu ziren.
Laugarren gol bat ere egin zuten bigarren zatian, baina aurkariak hori-beltzen hutsez baliatuz launa berdintzea lortu zuen. Eguzkiko jokalariek ez zuten amore eman eta beste bi gol egin zituzten. Tamalez Sanpedrotarrak-ek ere ederki borrokatu zuen eta 50 segundo faltan markagailua seina berdindu zuen. "Ez genuen denborarik izan ezer egiteko eta penaltietan erabaki zen", aipatu du taldeko prestatzaileak.
Pasaitarren zorte gehiago izan zuten penalti puntutik eta 4 eta 5ekoarekin neurketa irabazi zuten.
"Txapelketa hau goiztiarra da. Oraindik ez gaude fisikoki prest eta gainera, aurten, talde gaztea dugu. Partidako une erabakigarriak ongi kudeatzen ikasi behar dugu oraindik eta horrek kaltetu gintuen," adierazi du Kixkik.
Hala ere, taldeak lehiaketako bi neurketetan erakutsitako gogoekin eta jokoarekin pozarren agertu da.
Talde gaztea
Hilaren 2tik aurrera, aldiz, Ohorezko Erregional Mailako ligan zentratuko da Eguzkiko lehen taldea.
Jokalari aldetik ia aurreko denboraldiko multzoarekin egin du lan Kixkik denboraldiaurrean: "Dagoeneko urtebeteko esperientzia du kategoria honetan, baina talde gaztea da eta oraindik alor taktikoan asko dugu egiteko". Hiru baja izan ditu, baina hutsuneak betea ahal izan ditu hori-beltzen arduradunak: "Gurekin gazte mailetan egondako atezain bat sartu dugu, baita futboletik datozen bi jokalari ere".
Azken horiek taldera eta jokatzeko modura pixkanaka moldatzen ari direla ere jakitera eman du: "Txipa aldatzea eta areto futbolaren dinamikan sartzea kostako zaie. Espazio txikietan saltsa mehe egin behar da eta erabaki azkarrak hartu behar dira. Baina taldearekin bat egiten ari dira eta dagoeneko gol bana sartu dute. Ilusio handia dut, biek taldearen maila igo egingo dutela uste baitut".
Neurketaz neurketa
Eguzki Arkupe Rehabilitacionesek ilusioa egingo dio aurre, beraz, denboraldi berriari.
Gainera, ligan garapen positiboa izango duela argi du prestatzaileak: "Astelehen eta asteazkenetan nola lan egiten duen ikusi besterik ez dago apustu segurua dela jakiteko. Bide onetik goaz eta denbora kontua da maila fisiko optimoan egon eta aurrera egitea. Erabateko konfiantza dut jokalari talde honetan".
Aurreko denboraldian taularen erdialdean amaitu zuen hori-beltzen ordezkariak, aurten ere partidaz partida joango direla adierazi du Ohorezko Erregionaleko arduradunak: "Topikoa da, baina hala da. Etxeko kluba gara, bertakoa, sortzen ari garen horretaz elikatzen garena. Ez dugu helburu jakin batzuk ezartzeko moduko jokalari taldea diseinatu".
Eta ligan aurkari berriak dituztela ere jakin arazi du: "Bigarren mailatik zer igo den ikusteko dago, bost edo sei talde berri daude. Beraz, neurketaz neurketa eta lehiaketak jartzen gaituen lekura. Ilusionatuta gaude behintzat".
Denetariko emaitzak
Ohorezko Erregional mailako taldeaz gain, ligako jardunaldia izan zuten Eguzkiko gainerako ekipoek.
Kadete mailako kideek txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten lehen jardunaldian. Eguzki Escalerilla taberna nagusi izan zen Iraipe Coinbroker Aloñaren aurka eta 13-2 gailendu zen.
Eguzki Uriarte Berri sukaldeak taldeari, aldiz, 0-2 irabazia zuen neurketak ihes egin zion; Samaniego Orixe Tolosala Ikatzak markagailuari itzulia eman zion 2-3.
Nazional Mailako Jubenil Ohorezkoak ere ez zuen zorterik izan Errioxan. Riojak 4-1 garaitu zuen hori-beltzen gazteen ordezkaria.