Zerbitzu Publikoak departamentuko zinegotzi David Mateosek jakinarazi du 51.652,23 euro balio dituela hilabetea amaitu arte iraungo duen kanpainak. "Helduak kontzientziatu nahi ditugu batez ere, baina nerabeak eta haurrak ahaztu gabe". Horretarako, honezkero martxan dauden bi euskarri jarri dituzte bizilagunen eskura: San Pedro parrokia alboko Elizatze plazan dagoen informazio gune egonkorra, hilaren 31ra arte zabalik egongo dena; eta bi egun lehenagora arte herriko toki ugari zeharkatuko dituen furgoneta ibiltaria. Hilaren 10era arteko tokiak eta ordutegiak koadroan kontsulta ditzakezue; gainerakoak txintxarri.eus atari digitalean bildu ditugu.
Artelatzeko langileek beso-zabalik jasoko dituzte bizilagunak arestian aipatutako bi eremu horietan. Hondakinak gaika nola bildu behar diren azaltzeaz gain, errefusaren edukiontzi grisera bota beharreko zabor kopurua murriztearen garrantziaz ohartaraziko diete. Izan ere, Valdiviak eta Mateosek azaldu duten moduan, "berebizikoa" da hori egitea: "San Marko Mankomunitateak hondakin mota horiek erretzeagatik kobratzen digu gehien. Gutxiago sortzen eta jausten badugu edukiontzietara, zaborrengatik ordaindu beharreko tasa merkatu egingo digute".
Bestalde, Mateosek agerraldia baliatu du iragartzeko bi garbigune berri jarriko dituztela, edukiontzi adimendunekin. Tokiak "zehazteke" dituzte.
Harreman zuzena
Artelatzeko Proiektuen Saileko kide Yajaira Vazquezek hartu du hitza gero, azaltzeko "herritarrekiko harreman zuzena" lehenetsi dutela Lortzen ari gara prestatzerakoan. Elizatze plazan edota herrian barrena ibiliko den furgonetan azalduko dutena indartzeko asmoz, eskutitzak eta eskuorri informatiboak bidaliko dituzte herritarren etxeetara. Gainera, udalaren webgunean (lasarte-oria.eus) kanpainari buruzko atari berezia martxan jarriko dute.
Hondakin bilketa arduratsua egiteko ahalegina saritu egingo dute, gainera. Informazio guneetara bertaratzen den herritar bakoitzak Gipuzkoako "kalitatezko" konpost poltsa bana eraman ahalko du etxera, hamar litrokoa. "500 zorro ekarri ditugu", zehaztu du Vazquezek. Bestalde, lasarteoriatarren ohiturak ezagutze aldera, inkesta bat martxan jarriko dute jakiteko zenbatero bereizten dituzten hondakinak eta zenbateraino ezagutzen duten tamaina handiko gauzak biltzeko sistema. Hori bete eta informazio guneetara eramaten dutenen artean bi elikagai saski zozkatuko dituzte.
Elizatze plazako informazio gunea goizez irekiko dute ostegun, ostiral eta larunbatetan, 16:00etatik 20:00etara. Goizez joateko asmoa dutenek, berriz, astelehen, astearte eta asteazkenetan izango dute aukera, 10:00etatik 14:00etara.
Furgoneta ibiltariak herriko leku ugari zeharkatuko ditu: Andatza, Caddie, Jaizkibel eta Oztaran plazak; Artzailurra, Iñigo de Loyola eta Osina kaleak; Zirkuitu ibilbidea; Kale Nagusia; eta Ama Brigitarren komentu pareko enparantzatxoa. Egunaren eta tokiaren arabera, goizez (10:00-14:00) ala arratsaldez (16:00-20:00) bertaratuko dira toki horietara.
Gune batean zein bestean "hondakinak behar bezala bereizteari buruzko zalantzak" argituko dizkiete herritarrei: "Informazio praktikoa emango diegu, jakin dezaten zer bota dezaketen edukiontzi bakoitzera", adierazi du Artelatzeko ordezkariak. "Berariaz jorratuko ditugu papera eta kartoia, materia organikoa, beira, ontzi arinak eta errefusa bereiztea edota Garbigunera eraman daitezkeen hondakinen berri ematea".
