Beterri-Buruntza Mankomunitateak, Arbola Consulting-ekin elkarlanean, sustatutako ekimen berria da eta lan arloan, egunerokotasunean sortzen diren erronka eta egoerei modu osasungarriagoan aurre egiten lagunduko duten tresna praktikoak errazteko helburuarekin antolatu dutela iragarri dute antolatzaileek. Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandez Castrillok aurkeztu du egitasmoa, eta berarekin izan da Beterri Buruntza Mankomunitateko ordezkari Lara Nanclares Goenaga. Ekimenaren gaineko xehetasunak eman ditu azken horrek. Biek ala biek nabarmendu dute ongizate pertsonala eta emozionala harremanei, eguneroko jardunari eta lan esparruko zailtasunei aurre egiteko moduari eragiten dien elementu gisa txertatzearen garrantzia. Aipatu saileko teknikari Xabier Azkune Lapeira ere agerraldian izan da.
Arestian esan bezala, formakuntza saioak urriaren 6an, 13an eta 20an izango dira, 16:00etatik 19:00etara, Antonio Mercero gunean eta horietan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Beterri-Buruntza Mankomunikatearen web atarian (https://beterriburuntza.eus/) egin dezakete hori interesdunek, baita eragile horren sare sozialen bidez, edota euren telefono zenbakira deituta (943-24 45 23).
Egunerokotasunean aplikatzeko tresnak
Programak "ikuspegi guztiz praktikoa" proposatzen duela argitu dute antolatzaileek, baita horren xedea zein den ere: parte hartzaileek beren ongizateari eragiten dioten faktoreak identifikatzea eta beren jarduera profesionalean sortzen diren egoeren aurrean aplika ditzaketen baliabideak eta estrategiak eskuratzea.
Saioetan hainbat gai landuko direla ere aurreratu dute, hala nola estresaren eta emozioen kudeaketa, norberaren beharrak eta mugak identifikatzea, arreta eta kontzentrazioa, ohitura osasungarriak eta komunikazioa eta harremanak hobetzea. Lan ingurunean zailtasun edo tentsio egoerei erantzuteko estrategiak ere aztertuko dituzte.
Saio horiek aurrera eramateko metodologia zein den ere jakinarazi dute. Adierazi dute kasu errealak, banakako hausnarketak, talde dinamikak, tresna praktikoak eta esperientzia bidezko ikaskuntza uztartuko dituztela; horien bitartez parte hartze aktiboa sortu nahi dute, edukiak parte hartzaile bakoitzaren egunerokotasunera aplikatu ahal izateko.
Hizlariek iragarri dute Arbola Consultingeko profesionalek emango dutela prestakuntza, Silvia Sernak eta Jose Rodriguezek izeneko bi kidek hain zuzen ere.
Beterri-Buruntza Mankomunitatearen asmoa da, ekimen honen bidez, norberaren zaintza bultzatzea eta lan ongizatearen inguruko sentsibilizazioa handitzea, laneko ohiko egoerei modu osasungarriagoan aurre egitea ahalbidetuko duten baliabide zehatzak eskainiz