Beñat Telleria, Euskal Pentatloiko txapeldunorde

Txintxarri Aldizkaria

Euskal Pentatloiko finalean parte hartu zuten kirolariak eta antolatzaileak. Arg.: Azpeitia Guka

Euskal Pentatloiako finala jokatu zen, hilaren 26an, Azpeitian. Sei kirolari izan ziren nor baino nor proba ezberdinak burutuz eta Jokin Urretabizkaiak eraman zuen txapela. Bigarren postuan sailkatu zen Beñat Telleria herritarra

Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Julen Kañamares, Beñat Telleria, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Jokin Urretabizkaia Basozabal eta  Xabat Olaizola. Euskal Pentatloiko txapela jokatu zuten seiek hilaren 26an.

Bost probari egin behar izan zioten aurre parte hartzaileek: 100 kiloko bola 25 aldiz altxa; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; txingetan, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu; eta korrika hiru kilometro egin.

Bi txandatan banatu zituzten lehiakideak eta lehenean izan zen Telleria herritarra. Harekin batera aritu ziren Zelaia IV.a eta Kañamares. Lasarte-Oriako kirolaria izan zen azkarrena lanak burutzen, 32.33 behar izan zituen lan guztiak egiteko.

Telleria, giza probako harria mugitzen. Arg.: Azpeitia Guka.

Ondorioz, bigarren multzoko marken zain geratu zen Telleria. Basozabal, txapela berriz janzteko aukerak zituen Izeta VI.a eta Olaizola izango ziren lehian horretan.

Aizkora hartu arte, hiruretako inork ez zuen Lasarte-Oriako kirolariaren denbora ondu. Baina Basozabal ederki aritu zen egurra mozten eta aurre hartu zieten bai zuzeneko bi aurkariei, baita zain zegoen Telleriari ere. Ederki mantendu zuen jarraian zituen lanetan ere eta garaipena erdietsi zuen, 31.51 denbora eginez. 

Atzetik Izeta VI.ak Telleriaren marka gainditzeko ahalegin egin zuen, baina ezinezkoa egin zitzaion eta ondorioz, herritarrak bigarren postua eskuratu zuen. Olaizolak, aldiz, ezin izan zuen lehia amaitu.

Sailkapena

  1. Jokin Urretabizkaia Basozabal - 31.51
  2. Beñat Telleria -  32.33
  3. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a - 32.34
  4. Ioritz Gisasola Zelai IV.a - 34.40
  5. Julen Kañamares - 36.54
  6. Xabat Olaizola - erretiratu egin zen