Andaluziako kultura eta ohiturak gertutik ezagutu eta horiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek datozen egunetan; Semblante Andaluz elkarteak 23. Aste Kulturala aurrera eramango du hilaren 1etik 4ra. Hori ospatzeko prestatu dituzten jarduera eta hitzorduen berri eman dute, prentsaurrean. Bertan izan dira aipatu elkarteko zuzendaritza batzordeko kide eta bazkideak, Agustin Valdivia alkatea eta Kultura zinegotzi Ainara Elicechea.
Udalak aipatu elkartearekin duen lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da aste kulturala. Hori hala dela jakinarazi dute udal ordezkariek, eta gaineratu, erakundeak zenbateko diru ekarpena egin dion Semblante Andaluzi: 4.294,20 eurokoa. Laguntza horri bestelako babesa ere gehitu behar zaio, hala nola, espazioak eta instalazioak uzten baitizkio eta programatutako jarduerak zabaltzen ere parte hartzen baitu.
Egitaraua, xehe-xehe
Aurtengoa hogeita hirugarren aldia izango da, eta jarduera gehienak hilaren 2tik, ostiralarekin, 4ra, igandearekin, bitarte aurrera eramango dituzte, Okendo plazan, eta musika, dantza, gastronomia eta adin guztietarako proposamenak izango direla iragarri dute antolatzaileek. Aurrekari gisa, ordea, ostegunean, hilak 1, inaugurazio hitzaldia izango da Semblante Andaluz elkartearen egoitzan. 19:00etan hasiko da hitzordu hori eta Ivan Sasserlin izango da hizlaria. Hori amaituta, 20:00etan ohorezko ardoa eskainiko diete agintari, bazkide, gonbidatu eta hitzaldira bertaratutakoei.
Hurrengo egunean, berriz, ostiralean, hilak 2, jarduerak Okendo plazan jarri duten zuri koloreko estalki erraldoian. 18:00etan zabalduko dute hori eta, hamabost minutu geroago, Son de la Fragua flamenko ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. 19:00etan, berriz, pintxopotea izango da eta, 20:30ean, Pitxiren techno flamenkoa emanaldia izango da. Ekimen hori 01:00ak arte luzatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Larunbatean, marmitakoa
Urriaren 3an ere ekimen ugari izango dira. 11:00etan irekiko dute karpa, eta, 12:00etatik aurrera, Got Talent lehiaketa aurrera eramango dute; bertan parte hartuko dutenek auren talentua erakusteko abagunea izango dute. 13:00etako bermutaren ostean, 14:30ean egitasmoko hitzordu gastronomiko tradizionalaren txanda izango da: marmitako bazkari herrikoia.
Bazkalostean, berriz, gorputza berriz ere aktibatu eta festa giroari eusteko, bingoa iragarri dute. 16:00etan izango da hori, eta ordu eta erdi geroago, berriz, dantza saioan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek Lasarte Rtimo Activo taldearen eskutik. 18:30ean, Amaya González Caballerok rumba flamenkoari buruzko eskola emango du, eta, 19:00etan, beste pintxopote saioa egingo dute. Ostean, 20:00etatik aurrera, Los Mondaca talde flamenkoak joko du, eta ondoren dantza herrikoia izango da 22:00etan. Karpa 01:00etan itxiko dutela gogorarazi dute antolatzaileek.
Semblante Andaluz, protagonista
Igandean, hilak 4, eragilea bera izango da protagonista. 11:00etan zabalduko dute karpa eta haurrentzako jolasak iragarri dituzte. Eguerdian, berriz, LOZETeko Erraldoi eta Buruhandiak ariko dira, eta 13:00etan bermuteoa izango da. Gastronomiak ere leku garrantzitsua izango du; 14:30ean, ohiko paella jana egingo dute. Arratsaldean, aldiz, 16:00etako bingoaren ostean, eguneko "une nagusietako bat" iritsiko da. 17:00etan Akelarre Flamenco, Zambra, Azabache, Al Alba eta Duende dantza taldeak arituko dira oholtza gainean, eta, 17:45ean, Semblante Andaluzeko Semblante Rociero abesbatza ere igoko da agertokira. Emanaldi horiei jarraipena emateko, gainera, dantza herrikoia izango da 18:30ean, pintxopotea 19:00etan eta zozka txartelen zozka 20:00etan. XXIII. Aste Kulturalaren itxiera ofiziala, berriz, 20:30ean egingo dute.