Hodei Lujanbio eta Rebeca Mariño, Mendi lasterketako garaile

Txintxarri Aldizkaria

Lasarte-Oriako III. Mendi lasterketa - Juanlu Oroimenezkoak 230 bat korrikalari bildu zituen igande goizean Okendo plazan. Proba hasi baino lehen omenaldi egin zitzaion Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko kide izandako Juan Luis de la Matari; agurra dantzatu zieten alargun eta semeari. Parte hartzaileek giro ederra izan zuten Buruntza mendiko tontorra eta Mercero plaza batzen zituen ibilbidea egiteko. Helmugan Hodei Lujanbio eta Rebeca Mariño izan ziren azkarrenak

Lasarte-Oriako III. Mendi lasterketa - Juanlu Oroimenezkoa lehiatu zen hilaren 27an, goizean Lasarte-Orian. Errekorrak hausteko eguna izan ahal zen, baina bakarra gainditu zuen probak, parte hartzaileen kopuruarena. Aurten 230 korrikalari izan dira helmuga puntua igaro dutenak.

Goizeko lehen ordutik parte hartzaileak Mercero gune inguruan bildu ziren; azken orduko izena emateak izan ziren eta dortsala ere jaso zituzten Mercero plazana zeuden mahaietan.   

Ordua iritsi ahala, Okendo plazako irteerara hurbil du ziren eta bertan bizi izan zen momentu hunkigarriena. Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko kide eta lasterketako sustatzaile izandako Juan Luis de la Mata gogora ekarri zuten. 1 dortsala jantzia zuen bere seme eta alargunari agurra dantzatu eta LOTMEko lehendakari Javi Olazagoitiaren hitzetan: "Zaila izan zen malkorik ez isurtzea. Momentu horrek azaltzen du zergatik duen probak Juanluren izena eta zergatik duen LOTMErentzat hain esanahi berezia"

Lehen postuak

Korrikalariek 14,5 kilometroko ibilbideari eta 780 metroko aldapa positiboari egin zioten aurre. Azkarrenak  Goizuetako Hodei Lujanbio eta Rebeca Mariño izan ziren. Bigarren postuan izan ziren, Xabier Mujika herritarra eta Orioko Irene Lertxundi. Podiuma ixten, aldiz, Eñaut Urdanpilleta azpeitiarra eta Garazi Artola usurbildarra.

Honakoak izan ziren markak:

  1. Hodei Lujanbio          01.11.26
  2. Xabier Mujika            01.15.53
  3. Eñaut Urdanpilleta    01.15.57
  1. Rebeca Mariño      01.24.19
  2. Irene Lertxundi      01.28.46
  3. Garazi Artola          01.30.41

Garaileek ez zuten Ibai Makazagak (01.10.06) eta Maria Ordoñezek (01.18.45) ezarritako errekorrik gainditu, ordea. LOTMEko lehendakariak azaldu duenez, "2028ko hurrengo edizioan errekorra gainditzen duenarentzat saria 300 eurokoa izango da".

Lehiaketa amaitutakoan, korrikalariek, boluntarioek, senideek eta antolakuntzako kideek azken hornidura gunean batu eta janari artean, lasterketan bizi izandako esperientziak partekatzeko aukera izan zuten. Giro horrek LOTMEren beste helburuetako bat ere erakusten duela azpimarratu dute kirol elkarteko arduradunek: "Mendi lasterketa kirol lehia da, baina Lasarte-Oria herriaren eta mendiaren inguruan batzeko jardunaldi bat ere bada".

Boluntarioak

Aurtengo edizioa antolakuntza aldetik erraza izan ez dela jakitera eman dute elkarteko kideek. Hala ere, 45 laguntzaile batu ziren lehiaketa egunean eta horiei esker, mendi lasterketa arrakasta handiz aurrera eraman zutela nabarmendu dute antolatzaileek; eskerrak eman nahi dizkiete guztiei: "LOTME Kirol Klubaren izenean, gure esker ona helarazi nahi diegu boluntarioei. euren lanik, denborarik eta prestutasunik gabe ezingo litzateke era honetako proba bat antolatu".

Probako aurkezpenean egin legez, aurreko lana ere garrantzitsua izan dela nabarmendu nahi izan dute. Lasterketa baino aste batzuk lehenago, mendiaren egoera ikusita, klubeko hiru pertsonak 100 ordu baino gehiago igaro baitituzte ibilbideko bideak garbitzen eta egokitzen.

Era berean, korrikalari, babesle eta proba ikustenedo animatzen egon ziren herritar edo parte hartzaileen senideei eskerrak eman nahi dizkiete proba hau posible egiteagatik.

Portadako argazkia: LOTME.