Sexu esplotazio kasua salatu dute

Txintxarri Aldizkaria

Okendo plazan elkartu ziren Itaiaren kontzentrazioarekin bat egindako herritarrak. 

Dozenaka herritar mobilizatu ziren ostiral arratsaldean Buruntzaldeako Itaiak deitutako mobilizazioan. Okendon elkarturik, komunikatu bat leitu zuten, hitzorduarekin amaitzeko. 

Irmoki salatu zuten aste honetan argitara ateratako sexu esplotazio kasua enparantza nagusian elkartutako kideek. Izan ere, neska adingabe bat prostituitzera behartu dute bere bi senideek, Lasarte-Orian. 

Emandako kasuaren ildotik, gaineratu zuten herrian ez ezik, emakumezko ugariren errealitatea izaten jarraitzen duela sexu esplotazioak, gaur gaurkoa. Euren arabera, egoera zaurgarriko emakumeez baliatuta indartzen baitute sexu merkatua, eta horri esker, milioika euro irabazi. 

Errealitate hori bermatzeko, gehitu zuten beharrezkoa dela emakumezko langilea sexualki esplotatzera, besteak beste, bortxatuz, mehatxatuz eta jipoituz. Indarkeria hori "ezkutuan" ematen dela aitortu zuten Itaiako kideek, baita gizartearen gehiengoak ez ikusiarena egiten duela ere. Horren aurrean, defendatu zuten herritar guztion ardura dela "sexu esplotazio sareen aurka borrokatzea" eta sexu merkatuaren konplizeei aurre egitea, azken finean, "gaur eta hemen" gauzatzen baitute esplotazio hori. Era berean, herritar ororentzako bizi baldintzak berak izatea aldarrikatu zuten.