Egun mugitua izan da

Txintxarri Aldizkaria

Egun osoko programa prestatu du ostiralerako Lasarte-Oriako Udalak, Mugikortasun Astea dela-eta. Goizetik arratsalderainoko, ekitaldi ugari eraman dira aurrera. 

Ondo Ibili taldeko kideek ekin diote egunari. Izan ere, ikasturteko lehen ibilaldia egin dute. Okendotik abiatu dira ohiko giro eta aldarte ederrarekin. Musika ere ez zaie falta izan. 

Lehen orduko alaitasunari helduta, txikientzako tartea izan da arratsaldea, batik bat. Alde batetik, bizikletarekin jolastean aritu dira, Kale Nagusian. Bestetik, irakurketarako eta marrazketarako txokoa izan dute Okendo plaza haurrek. Hori ez ezik, tailerrak ere izan dira, hots, txapak eta txirrinak apaintzeko. Artelan ederrak ondu dituzte. 

Bien bitartean, bigarren eskuko bizikleten eta patineteen erakusleihoa izan da enparantza. Ehunka eskura izan dituztelarik, lasarteoriatarrek ez dute eskaintzak aprobetxatzeko aukera galdu. 

Eguna biribiltzeko, ipar martxa saioa aurrera eraman du Ostadar SKTek. Alex Ramosek gidatu du saioa, eta goizekoen antzera, Okendotik abiatu dira beroketa ariketa finak egin ondoren.