Doinu bat gehitu diote eskolako errepertorioari

Txintxarri Aldizkaria

Ana Minguez izango da Lindy Hop dantzaren irakaslea, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolan. Ana minguez 

Ikasturte berria hastear du Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak. 
Datozen hilabeteak bereziak izateaz gain, nobedadez eta sorpresez 
beteriko ekimenak ekarriko dituzte ekaineko itxiera emanaldira arte

Herri mugitua da Lasarte-Oria. Kreatibitate eta kuriositate handia dario herriari. Laster, doinu berri batek mugiaraziko ditu lasarteoriatarren oinak; swing-ak eta jazz-ak, hain zuzen. Izan ere, ikasturte berriarekin batera, Lindy Hop eskolak emango ditu Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak.

Lantaldeak aitortu du emakume talde batek egin duela proposamena. Irriketan ziren dantzatzeko, eta Lindy Hopa probatzea erabaki zuten, haietako bat dagoeneko Donostiara joaten baitzen saio horiek egitera. Irakaslea lasarteoriatarra izanik, pentsatu zuten Kukukarekin eta maistrarekin hitz egitea eta herrira ekartzea dantza hori. Eskaera berriei erantzuteko gogotsu, oso prest agertu zen eskola, baita erakuslea ere. Biak ala biak alde zirelarik, bi talde antolatu dituzte gazteek zein helduek AEBetatik datorren modalitateaz gozatzeko.

1920ko hamarkadaren amaieran sortu zen Lindy Hop-a, Harlem-eko Savoy Ballroom aretoan. Dantzapistetan ondu zen, gauero zuzenean jotzen zuten swing eta jazz taldeen musikaren erritmoarekin batera. Charleston-etik, tap dantzatik eta Afrikako sustraietatik edaten du. Dantza soziala da, binaka egitekoa. Era berean, nortasun eta historia propioko adierazpen kulturala; Frankie Manning, Norman Miller eta dantzari mordoaren ekarpenarekin eraikitakoa. Hori dela-eta, dantzatzen erakusteaz gain, haren jatorria eta kultura ezagutzeko eta errespetatzeko abagunea emango dute Kukukako eskolek.  

Ana Minguez izango da irakaslea. 26 urte daramatza dantza hau irakasten. Hasi zenean, Estatu osoan, soilik Bartzelonan eskaintzen zen modalitate hau. Herritarra izanik, erronkari ilusioz ekingo dioela adierazi dio aldizkari honi. Azken batean, inguruko herrietan eman ditu eskolak; besteak beste, Usurbilen, Errenterian eta Donostian. Baina sekula ez Lasarte-Orian. 

Ilusioak ilusio, urduritasunarekin ere heltzen dio dantzariak Kukukak, eta interesa erakutsitako emakume taldeak, eskainitako aukerari. Arean ere, euskaldun berria da Minguez. Haren esanetan, euskaraz dakien arren, ez du nahi adina praktikatu. Horregatik, hasiera batean, izutu egin zen eskolak euskaraz ematearekin. Dena den, Kukukak euskaraz beste era batean aritzeko luzatzen duen tarteari erreparatuta, trebatzeko aukera ederra izan daitekeela aditzera eman du irakasleak.

Kukuka.eus webguneko izen emate orria bete beharko du Lindy Hopa ikasi nahi duen orok. Eskolak asteartetan eta ostegunetan emango dira. Kukukak luzatu du egunak edo ordutegiak ez badatoz bat herritarren beharrekin, prest direla irtenbideren bat topatzeko. Beraz, aukera guztiz alboratu beharrean, adierazi dute harremanetan jartzeko eurekin.

Berrikuntza gehiago

Lindy Hopaz gain, bestelako nobedadeak prestatu ditu Kukukak ikasturte honi begira. Alde batetik, helduei zuzendutako Clown eskolak berreskuratuko dituzte. Izan ere, pandemiatik hona, ikasleen kopurua jaitsi egin da; batez ere, antzerkian. Horregatik, egun, Kukukak ez du diziplina hortan aritzen den heldu talderik. Horri buelta emateko, tarte bat sortu dute asteazken goizetan batzeko. 

Bestetik, Hiztun berrientzat izeneko antzerki taldea preparatu dute euskara praktikatu eta hizkuntzarekin disfrutatu dezaten. Larunbatero elkartuko dira 10:00etatik 11:30etara. 

Ikasturte berezia

2001ean eratu zuten Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola. Mende laurdeneko ibilaldia ospatzeko asmoz, ekitaldiz beteriko ikasturtea prestatu dute eskolatik. Lantaldeak jakinarazitakoaren arabera, ekimen bat antolatuko dute, hilero. Dantzaren eta antzerkiaren bueltan ondutako orotariko iniziatibak izango dira; besteak beste, bakarka aurrera eramatekoak edota taldean gozatzekoak, familian ala lagunartean, ikuskizunak zein tailerrak. Urrian ekingo diote programa bereziari, eta ekainean amaituko dute ikasturte amaierako emanaldiarekin. Emankizunaren harira, Kukukako kideek aurreratu dute espeziala izango dela aurtengoa, bi diziplinak uztartuko baititu.