Beltzak RTk Donostia Rugby Balezaleak proiektuarekin bat egin du

Txintxarri Aldizkaria

Eneko Sanchez (buruko babesarekin), baloiarengatik borrokan. Arg.: J. Sanchez.

Beltzak RTko jokalariak denboraldia hasteko prest daude. Lehenak zelaira ateratzen Ohorezko B Mailako taldea izango da; Arrasaten Betsaide Elorrio RT izango du lehen aurkaria hilaren 26an

Donostia Rugby Balezaleak proiektuarekin bat egin du herriko taldeak eta Donostiako Bera Bera, Atletico San Sebastian eta Zarautz RT ekipoetako kirolariekin lehiatuko dira kategoria horretan. 

Denboraldiaurrean proiektuaren aurkezpen modura, Elite mailan dagoen Gernika RTren aurka neurtu zituzten balezaleek indarrak. Zelaian, besteak beste, Beltzak RT-ko Ander Zabala, Joane Arroyo, Mikel Ibisate eta Jon Altuna izan ziren jokoan. Emaitza 14-48 izan zen.

Euskal Liga eta eskolak

Euskal Ligan eta eskola mailan, aldiz, bestelakoa izango da proiektua osatzen duten taldeen jarduna. 

Senior 1. mailan, Atletico San Sebastianek ordezkari bat izango du eta bestetik arituko dira Bera Bera, Beltzak RT eta Zarautz RT taldeek bat eginda. Liga urriaren 4an hasiko dute kategoria honetan eta, gainera, bi taldeak bata bestearen aurka lehiatuko dira.

Liga hasierako lehen norgehiagoka prestatze aldera, kategoria horretako Beltzen jokalariek hiruko bat lehiatuko dute, hilaren 16:00etan, Donostian. Atletico San Sebastian eta Txingudi izango dituzte aurkari.

18 urtez azpiko mailan, talde guztiek osatutako Orbinox Bera Bera taldea izango da. Eta Beltzak RTko eskola mailako gazte eta haurrek, aldiz, Zarautz RTko kideekin jokatuko dute topaketa eta neurketetan. 14 urtez azpiko kideek Arrasaten izango dute errugbi zazpiko lehena, hilaren 27an.

Lehia hasi

Bestalde, hilaren 12an, Frantziako Espoir liga hasi zen. Astebete beranduago, hilaren 19an, Aviron Bayonnais-en dagoen Eneko Sanchez herritarrak hamabostekoan jokatu zuen Colomiers taldearen aurka; 19-39 galdu zuten.