Oraindik lasterketan parte hartzeko aukera dago eta Lasarte-Oria Trail Mendi Elkartearen (LOTME) webgunean egin daiteke inskripzioa.
Goizeko 10:00etan Okendo plazatik aterako dira korrikalariek, Buruntza mendia igo eta berriro herrira itzuliko dira. Guztira, 14,5 kilometro eta 720 metroko desnibel positiboko ibilbidea egingo dute.
Antolatzaileek jakitera eman dute, bihar eta etzi jaso ahalko direla dortsalak, Antonio Mercero gunean; hilaren 26an, 17:00etatik 20:00etara eta lasterketa egunean bertan, 8:00etatik 9:30era.
Lasterketak Lasarte-Oriako Udaleko arlo ezberdinen babesa jasotzen du eta horietako bat da, Sozioekonomia saila, Tratu on bat markaren bitartez.
Laguntzaileak behar
Eta jardunaldia ondo burutzeko ezinbestekoak ditu laguntzaileak. Ibilbidea markatzea eta kontrolatzea, jan-edanak ematea, dortsalak ematea, bidegurutzeak seinalatzea edo irteera eta helmuga eremuetan laguntzea dira horien zereginetako batzuk.
Horregatik, LOTMEk deialdia zabaltzen die lan horiek egiten parte hartu nahi duten pertsonei: "Edozein
prestasun ongi etorria izango da". Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, ez da beharrezkoa aurrez esperientzia izatea, ezta mendi lasterketei buruzko ezagutza espezifikoak izatea ere. Eta proba amaitzean, antolatzaile eta laguntzale taldeak herri bazkaria egingo dutela ere jakitera eman dute.
Frondella ezagutzera
Mendi lasterketa jokatu ostean, urteko ekimenekin aurrera jarraituko dute LOTMEko kideek. Urriaren 17an eta 18an, Pirinioetara egingo dute irteera 3.000 metroko mendia igotzeko, zehazki, Pico de la Frondella tontorra eta inguruak ezagutuko dituzte.
Huescako (Aragoi) Tena Haranera itzuliko da mendi elkartea goi mendiko ibilbidea egitera; 22 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboko bidea egingo dute. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "maila aurreratuko" jarduera da eta mendian esperientzia izan behar da parte hartzeko.
Elkarteko bazkide eta ez bazkide direnei zuzendutako ekimena da. Urriaren 1era arte edo hogei plazak bete arte, eman ahal da izena elkartearen webgunean. Bertan dago irteeraren gaineko informazioa ere.