Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zuten jubenilek Nazional Mailako lehen hitzordua, hilaren 26an. Bizkaiko Kukuiaga izan zuen aurrean Eguzki CORPAChef-ek. Zaletuen babesa izan zuen gazte taldeak eta kantxan bere onena emanaz, 7-5 garaitu zuen aurkaria.
Lehen zatian, aurkari neurtzeko baliatu zuen etxeko taldeak. Gorka Redondok eta Edu Menak zuzentzen dituzten jokalariak markagailuan aurreratu ziren arren, bizkaitarrek partidari itzulia ematea lortu zuten bi gol eginez. Hori-beltzek ez zuten amore emango, ordea eta atsedenaldira iritsi baino lehen bina berdindu zuten.
Bigarren zatia indartsu hasi zuen Eguzkik. Bi gol egin zituen eta errenta txikia hartu zuen. Aurkariek ongi erantzun zuten eta alde murriztu zuten gol bat eginez. Etxekoek gol bat egin eta Kukuiagak erantzun, horrela 5-4ra iritsi ziren eta aurkariak, gainera, bosna berdintzea ere lortu zuen.
Partidaren intentsitatearekin indarrak galtzen joan ziren bi taldeak, baina etxekoek hobeto mantendu zuten erritmoa eta horri esker, bi gol gehiago egin eta partida irabazi zuten.
Mailari neurria hartzeko lehen neurketaren emaitzarekin pozarren agertu da entrenatzaile Gorka Redondo: "Emaitza ona da. Ez genuen espero. Denboraldiaurre motza egin dugu eta fisikoki aurkaria baino okerrago izango ginela uste genuen. Baina ongi eutsi genion partidari eta garaipena erdietsi genuen".
Hilaren 26an, Errioxara egingo du bidaia Ohorezko jubenilak. Eguzkiko prestatzaileak jakitera eman duenez: "Logroñoko Rioja taldea iaz mailako garaile izan zen. Espainiako txapelketa eta kopa jokatu zituen. Aurten jokalari horiek mailaz igo dira eta multzo berria duela aipatu digu bertako entrenatzaileak". Hala ere, neurketa gogorra espero dute Eguzkiko kideek.
Penaltietan
Eguzki Arkupe Rehabilitaciones-ek gehiago sufritu behar izan zuen Laskorainen aurka Tolosan jokatutako kopako kanporaketan.
Bitan berdindu behar izan zuen aurka jarritako markagailua Ohorezko Erregional taldeak eta arauzko denbora binako berdinketarekin amaitu zenez, penaltiak bota behar izan zituzten.
Hori-beltzek tolosarrek baino punteria hobeagoa izan zuten eta 4-5eko emaitzarekin final zortzirenetarako txartela eskuratu zuen.
Lehiaketak ez du atsedenik izango oraingoz eta hilaren 26an, 13:30ean, Sanpedrotarra FT-ren izango dute aurkari final laurdenetarako bidean.
Kadeteak ere lehian
Bi talde horiez gain, kadete mailako ordezkariek ere ligako lehen hitzorduari egingo diote aurre hurrengo jardunaldian.
Hilaren 26an, Eguzki Escalerilla taberna taldeak Iraipe Coinbroker Aloña hartuko du Maialen Chourraut kiroldegian eta egun bat geroago, Eguzki Urarte Berri sukaldeak, aldiz, Tolosara hurbilduko da Samaniego Orixe Tolosala Ikatzaren aurka lehiatzeko.