Nortindal Donostiarra ETE ligan lehiatuko da hurrengo denboraldian

Txintxarri Aldizkaria

Nortindal Donostiarra, Portugaleteko bigarren jardunaldian borrokan. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskotren Liga.

Estropada garaiari amaiera emateko, Euskotren Ligako kanporaketa jokatu zen hilaren 19an eta 20an, bi jardunaldietan banatuta bata Bermeon eta bestea Portugaleten (Bizkaia). Enara Arruti kide duen Nortindal Donostiarrak bigarren jardunaldian ederki lehiatu arren, ezin izan zuen Euskotren Ligarako txartelarik eskuratu

Lau eskifaia izan ziren nor baino nor erlojupeko probetan: Enara Arruti herritarra kide duen Nortindal Donostiarra, Hondarribia Bertako Igogailuak, Zarautz Gesalaga Okelan eta SD Tiran Pereira.

Bermeoko proban Tiran izan zen lehena uretaratzen, jarraian Nortindal Donostiarra izan zen lehian. Donostiarrek (06.00) ziabogan galiziarren (06.11) denbora hobetu zuten, baina ETEn aritutako bi ontziak, Hondarribia (05.55) zein Zarautz (05.56), indartsu ari ziren arraunean eta maniobra egitean Bantxa-k baino marka hobeagoa egin zuten. Eta aldea handitzen joan ziren bigarren luzean. Ama Guadalupekoak lortu zuen garaipena eta bigarren zarauztarrak izan ziren.

Lehia zirraragarria

Bigarren jardunaldia geratzen zen, ordea. Horretan paper ona eginez gero, mailari eusteko aukera zuten Enara Arruti eta bere kideek. Proba zirraragarria izan zen eta ederki borrokatu zen azken marraraino Bantxa-ko eskifaia. Ziabogan hiru ontzik (Hondarribiak, Zarautzek eta Donostiarrak) denbora berbera egin zuten, 4,54. 

Bigarren luzean, aldiz, berdeek ongi mantendu zuten erritmoa. Pixkanaka aldea ireki, garaipena eskuratu eta urte bete ETEn egin ostean, berriro Euskotren Ligan lehiatzeko postua eskuratu zuten. 

Donostiarrak eta Zarautzek, aldiz, lehia estua izan zuten bigarren txartela eskuratzeko. Ez batak ez besteek ez zuten amore emango eta helmugan erabaki zen auzia. Urdinek 60 segundo ehuneneko aldea atera zieten Donostiarrei eta jokoan zegoen ligako bigarren txartela Zarautzera eraman zuten.

Era honetara, Nortindal Donostiarra ontziak ezin izan du maila mantendu eta ETE ligan lehiatuko da hurrengo denboraldian.

Bi jardunaldietako markak:

Bermeoko jardunaldia

  • Hondarribia Bertako Igogailuak 11.17,86
  • Zarautz Gesalaga Okelan 11.20,22
  • Nortindal Donostiarra 11.30,46
  • SD Tiran Pereira 11.45,78

Portugaleteko jardunaldia

  • Hondarribia Bertako Igogailuak 10.53,00
  •  Zarautz Gesalaga Okelan 10.56,52
  • Nortindal Donostiarra 10.57,12
  • SD Tiran Pereira 11.21,34