Euskal Jaia aurrera eramango dute larunbat honetan, hilak 26, Lasarte-Orian. Gaur goizean eman dute horren berri antolatzaileek. Okendo plazan egin dute agerraldia Agustin Valdivia alkateak, Euskara saileko zinegotzi Estitxu Alkortak eta Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Mikel Izquierdok. Uztailean iragarri zuten aipatu ospakizuna aurrera eramango zutela, eta orain, berriz, ekimen horren gaineko xehetasunak eman dituzte.Horren aurretik, ordea, herritarrak Euskal Jaian parte hartzera eta baserritar janztera gonbidatu dituzte.
Pasa den ikasturtko edizioak izandako arrakastaren ostean, 2026rako prestatu duten egitaraua "goia jotzeko asmoz" datorrela nabarmendu du alkateak: "Ospakizunari iaz jarritako erronka betetzera dator aurtengoa: Euskal Jaia errotzea eta lasarteoriatarren agendan erreferentziazko hitzordu bilakatzea".
Hala, erakundeak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean prestatu duten egitarauan herriko eragileen parte hartze "zabala" ere balioan jarri du. Hori horrela, horiei guztiei eskerrak emateko ere baliatu du agerraldia: "Ezinbestekoa da herriko eragileen laguntza eta oso eskertuta gaude. Iazkoarekin alderatuta, aurtengo egitaraua osatuagoa da, jarduera gehiago baititu. Egun bakarreko ospakizuna izanik, ordea, ezinezkoa da herriko eragile guztiei tarte bat eskaintzea. Helburua da datozen urteetan ere horien guztien parte hartzea bermatzea eta ahalik gehienei parte hartzeko aukera ematea". Hori esanda, modu batera edo bestera ospakizunean ariko diren eragileak zerrendatu ditu: Hamaika Bat txistulari taldea, Pontxo eta Tomas txalapartariak, Alboka abesbatza, Zabaleta Auzolan, Earra! bertso eskola, Oriarte, Ostadar SKT, LOZET, Zurmailu, Ttirriki Ttarraka, Erketz Euskal Dantza Taldea, Plaza dantza taldea, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola, Oaintxe in deu txaranga eta Auskalo musika taldea.
Harri jasotzaileen txapelketa
Orotara hamazazpi jarduera iragarri dituzte antolatzaileek. Horien guztien artean, musika, kirola, dantza, herri bazkaria, sagardo dastaketa, buruhandi eta erraldoien konpartsa izango dira, besteak beste. Aurten, ordea, izango da protagonismo berezia izango duen hitzordu bat: harri jasotzaileen txapelketa. Horren harira, okerra harriaz mintzatu dira. Aipatu dute Lasarte-Oriako Euskal Jaiak duen "elementu bereizgarrietako bat" dela. Aurten, lehen aldiz, Okerra harria harri jasotzaile txapelketa jokatuko da. Hori horrela, gizonezkoetan honako lau kirolari ahaleginduko dira aipatu harria altxatzen: Aimar Ardanza elorrioarra, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarra, Oier Azpeitia zarauztarra eta Gari Garmendia idiazabaldarra. Emakumezkoetan berriz, Maddi Guesalaga zarauztarra, Udane Ostolaza oriotarra eta Olaia Esnaola azpeitiarra. Azken horiek 88 kiloko Oztaran harriarekin lehiatuko dira.
Horiek guztiak bost minutuko txandatan ariko dira, eta altxaldi gehien egiten dituenak jasoko ditu oroigarria eta 900 euroko diru-saria (bigarrenak 400 euro poltsikoratuko ditu, eta hirugarrenak, berriz, 200 euro).
Txapelketa horren gainean, honako adierazpenak egin ditu Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak: "Euskal Jaiak apustu handia egin du txapelketa horretan. Bi urtetik behin jokatuko da, eta Igeldoko harriarekin gertatu den bezala, hemendik urte batzuetara herri kirolen arloan erreferentziazko txapelketa izatea nahiko genuke".
Berrikuntza gisa, aitortza ekitaldia
Aurten, lehen aldiz, euskararen sustapenean egindako ibilbidea aitortuko du Euskal Jaiak. Antolatzaileen asmoa da aurrerantzean, aldiro eragileren baten lana aitortzea. Hori horrela, ate joka dagoen aurtengo aldiak, Euskararen Maratoiak jasoko du aintzatespen hori.
Gainerakoan, askoatriko adinentzako publiko zabalari zuzendutako jarduerak aurrera eramango direla adierazi dute antolatzaileek. Horietako zenbait ere ekarri dituzte gogora, hala nola, Dinagu Kolektiboaren azoka, baratzeko eta sasoiko produktuekin aurrera eramango dute showcooking-a, Albokak eta Erketz EDTk egingo duten kantu jira, herriko zenbait dantza taldeen plaza dantza erakustaldia eta musika emanaldiak. Gaueko kontzertuez gain, bazkalostea Andoni Ollokiegik girotuko duela oroitarazi dute.
Festa soil bat baino gehiago
Euskal nortasuna, kultura eta euskara sustatzeko helburua du Euskal Jaiak; ez du ospakizun festa huts bat izan nahi. Hala adierazi du Alkortak: Guztion ardura da euskara sustatzea eta indartzea. Guri, udalari, dagokigu horretarako baliabideak eskaintzea, baina argi dugu, aurrera urratsa emateko erantzukizuna partekatua dela. Euskararen aldeko hautua egitera animatzen ditut herritarrak, baita herriko elkarteak ere".
Agerraldia amaitu aurretik, herri bazkarirako tiketak erosteko azken egunak direla ere oroitarazi dute hizlariek. Horiek eskuratzeko azken eguna bihar izango da, hilaren 22a. Aurten, gainera, bi berritasun izango ditu hitzordu horrek. Alde batetik, iaz salgai jarritako txartel kopurua bikoiztu egin dute aurten, eta, bestetik, berriz, haurrentzako menua izango dela. Ttakun Kultur Elkartean eskura daitezke. Helduen tiketek 25 euro balio dute, eta haurrenek, 15euro.
Azkenik, Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Mikel Izquierdok hartu du hitza. Herritarrak Euskal Jaian parte hartzera animatu ditu. Horrez gain, herrikideak baserritar janztera ere deitu ditu.