Erdi Aroan murgilduta, asteburu batez

Txintxarri Aldizkaria

Erdi Aroko X. Xakobeo Azoka ospatu da, asteburu osoan zehar. Egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan dute lasarteoriatarrek, hiru egunez. 

V. mendetik XV. mende arteko tartea hartzen du Erdi Aroak, gutxi gorabehera. Lasarte-Oriaren  kasuan, iraileko asteburu bat. Izan ere, udazkenaren hasiera epelarekin batera ailegatu izan ohi da Erdi Aroko Xakobeo Azoka herrira. Hamargarrenez, aurten. 

Ohiko legez, eskulanak izan dira nagusi, Erdigunetik barrena ipinitako saltokietan. Kandelak, kremak, xaboiak, artilezko txapelak eta buztina maneiatuz eginiko platerak, botilak eta itsulapikoak, besteak beste. Gutiziez osaturiko postuak ere izan dira. Horien artean, Mañekotarrek kozinaturiko roskillek, anisezkoek zein limoiezkoek, harrera beroa izan dute, aurreko edizioetan gertatutakoaren antzera. Izan ere, momentuoro gerturatu dira lasarteoriatarrak goxoki horiek erostera. Hainbatek eskuratu bezain pronto jan dituzte; beste batzuk, aldiz, etxera joan dira boltsa betearekin senideekin batera gozatzeko. 

Aurretiaz prestaturiko produktuez gain, bertan onduriko ekoizkinak ere izan dira salgai. Azken batean, eskulanen prozesua erakustea izan ohi da azoka honen erakusleetako bat. Hori dela-eta, saltzaile askok lanean aritu dira harria zizelkatuz apaingarriak egiteko. Ildo beretik, tailerrak ere eskaini dituzte txikientzat. Bien bitartean, musika talde mordoak giroa musikatu dute. 

Borrokak berrikuntza 

Gainerako edizioetan ez bezala, Erdi Aroko borroken erakustaldiak egin dira, Okendo plazan. Gradak ipinita, garai bateko gudak egikaritu dituzte lau borrokalariek, taldeka zein binaka. Enparantzan elkarturiko herritarrek gogotik gozatu dute berrikuntzarekin.