Lasarte-Oriako Udalak eta Arantzazuko Andre Maria parrokiak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute 2026an Kumme programari jarraipena emateko. Aipatu egitasmo hori eskola laguntzako ekimen bat da; "desabantaila akademiko" egoeran dauden eta "baliabide ekonomiko urriak" dituzten familietako haur eta gazteei zuzenduta dago.
Agustin Valdivia alkatea, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo eta Kummeko ordezkari batek sinatu dute hitzarmena. Ordezkari horiek jakinarazi dute Lasarte-Oriako Udalak 2.700 euroko ekarpena ekonomikoa egingo duela 2026an, hezkuntza eta gizarte programa hori garatzen laguntzeko: Horrekin batera, udal ordezkariek nabarmendu dute Gizarte Zerbitzuen Departamentuaren bidez, konpromisoa hartzen dutela ekimenaren koordinazioa eta jarraipena mantentzeko eta programatutako jardueren zabalkundean laguntzeko.
Egitasmoaren gaineko zenbait xehetasun
Astean sei orduko eskola laguntza saioak eskaintzen dizkie Kummek 7 eta 17 urte bitarteko adingabeei, eta lan hori "boluntariotzarekin, gizarte ekintzarekin eta balioetan oinarritutako hezkuntzarekin lotutako jarduerekin" osatzen du. Beren egoera akademikoa, familiarra edo ekonomikoa dela-eta errefortzu gehigarri bat behar duten adingabeen hezkuntza prozesuan laguntzea dute helburu.
Hori horrela, Agustin Valdiviak balioan jarri familia baten egoera ekonomiko edo sozialak seme-alaben hezkuntza aukerak baldintzatu ez ditzan lan egitearen” garrantzia, eta honako adierazpena ere egin ditu: “Kummek oso gertuko lana egiten du, ikaskuntzan aurrera egiteko eta konfiantza irabazteko laguntza gehigarri hori behar duten adingabeei lagunduz”.
Bere atzetik hitz egin du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok. Ekimenaren alde prebentibo eta soziala nabarmendu ditu: “Ez gara ari etxeko lanekin laguntzeaz edo gai jakin batzuk indartzeaz soilik. Akonpainamenduaz, ohiturak sortzeaz, erreferenteak eskaintzeaz eta haur eta gazte horiek beren hezkuntza prozesuan jarraitzeko tresna gehiago izan ditzaten laguntzeaz ari gara”, adierazi du.