Gipuzkoako ligatik Euskadikora igo zen kadete errendimendu taldea da multzoaren oinarria, baina juniorretan aritu ziren kideak ere gehitu dira. Osatutako taldearekin pozarren agertu da Beñat Eleicegui entrenatzailea: "Taldearen gehiengoa Euskal Ligan lehiatu zen kadete mailan, beraz, esan dezakegu esperientzia badutela liga honetan. Hala ere, 2009ko belaunaldia ere ez da atzean geratzen, juniorreko bigarren urteko jokalariak dira eta aurreko urtean Euskal Ligara igotzeko kanporaketa lehiatzera iritsi ziren".
Denboraldiaurre motza eta lagunartekorik gabea izan da juniorrena. Ederki lan egin dute, ordea, Eleiceguik azaldu duenez: "Lehenengo saiotik buru belarri dabiltza lanean eta maila on batean ari gara entrenatzen. Talde orekatua iruditzen zait eta hamar jokalarietako edozein dago hasierako bostekoan egoteko moduan".
Aurreko denboraldia kadete mailako Euskal Ligan aritzeak aurtengoa prestatzen lagundu diela ere onartu du: "Asko lagundu digu zer landu jakiteko, azkenean kadete mailan dagoen kategoria altuenean jolasten ibili ginen eta joko sistemak zituen abantaila eta desabantailak ulertzeko eta ikusteko baliatu genuen".
Eta erasoa hobetzen jardun direla ere nabarmendu du: "Lan nagusiena erasoko joko sistemaren inguruan egin dugu. Aurreko urtean eraso sistema berri bat ezartzea erabaki genuen. Normala den bezala, entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko erara moldatzen du eta orainarteko lana gehienbat nire saskibaloia ulertzeko modua ulertu dezaten bideratu dugu".
Aurkariak eta lehiak
Gipuzkoako lau talde eta Bizkaiko zein Arabako bi daude kategorian eta lurraldekoak ezagunak dituztela aipatu du Eleiceguik: “Azkenean gure artean lehiatzen dugu urtero eta jokalariak ezagutzen zoaz. Beste taldeetako jokalarien inguruan ez dakigu gauza asko baina azkenean, emakumeen saskibaloi liga profesionaleko harrobiak dira ( Bilbao Basket, Gernika, Araski…) eta badakigu, dituzten baliabideengatik bakarrik, talde onak eta osoak izango direla. Ondorioz, partida guztiak zailak izango direla dakigu”.
Eta horrela izan zen. Ligako lehen partidan ezin izan zuten Gernika gainditu, 90-48. Emaitza alde batera utzita, prestakuntza bide onean doala ikusteko balio izan ziela onartu du urdin-beltzen kideak: "Ondoriorik nabarmenena kalitate aldetik hor gaudela ikustea izan da. Ondo erantzun zuten neskek eta aurrez aurre lehiatu zuten jokoaren alor guztietan, beraz, bide onean gindoazela ikusteko balio izan zigun eta baita jokalariek beraiek dituzten gaitasunetan gehiago sinesteko ere".
Era berean, kategoriara moldatzeko landu beharreko alorrak ere agerian geratu zirela nabarmendu du: "Azkenean partida taldeen arteko alde fisikoa ezberdina izateagatik galdu genuen. Erritmo altuan eta gorputza asko erabiliaz jolasten da kategoria honetan eta hau da kadeteen eta juniorren Euskal Ligen arteko diferentzia nagusiena. Egia da, erritmora egokitzea dela orain gure lan nagusia".
Gauzak horrela, lehenengo fasea mailara moldatzeko baliatuko dute juniorrek eta bigarren fasean, aldiz, maila mantentzeko lehiatuko dira: "Nik uste taldea dagoela hau lortzeko eta horretarako egingo dugu lan".
Eta horretarako guztiak gogotsu daudela azpimarratu du talde urdin beltzaren ordezkariak: "Lehenengo aldia da kluba Euskal Ligan juniorretan lehiatzen dela. Badakigu zein zaila den honaino iristea eta ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dugu. Esango nuke, jokalariek alde batetik errespetu handiz hartu dutela urtea ez baitakite oso ondo zer aurkituko duten. Baina, aldi berean, uste dut gogo askorekin ari direla. Badakite gozatzeko urtea izango dela eta paper on bat burutu nahi dute. Hau entrenatzeko orduan ere nabaritzen da".