Gomazko palako Nagusien 3. mailan, Iker Artetxek eta Jagoba Mendizabalek ongi hasi zuten lehia hilaren 11n, Añorgan. Intzako kideak sendo jokatu ziren erasoan eta Añorgako Unanue-Dorronsoro bikoaren hutsez baliatu ziren 2-25 irabazteko.
Eskuzko modalitatean, Kadete 3. Mailako Markel Lopez eta Ekhi Maiz bikoak ere garaipena erdietsi zuen Michelin pilotalekuan. Gaztetxoak nagusi izan ziren hasieratik eta ongi jokatuz, 22-2 gailendu ziren.
Argazki galerian, Kadete 1. Mailako Intza KE-Ilunpe 1 bikoen arteko partida.
Euskal Jaietan, txapeldunorde
Aurreko zenbakian aipatu modura, lehia federatua hasi baino lehen Intza KEko pilotariak Euskal Jaietako txapelketan aritu ziren lehian eta horien artean, Peru Urdanpilleta kidea nagusien mailako finalera iritsi zen.
Hilaren 10ean, Donostiako Alde Zaharreko Trinitate plazako pilotalekuan jokatu zen neurketa; Urdanpilletak Hernaniko Iturbe lagun Zapirain eta Atxa izan zituzten aurrez aurre.
Aurkariak neurketa hasieratik markagailuan aurreratu ziren. Urdanpilletak eta Iturbek ez zuten amore eman eta errenta txikitzeko ahaleginak egin zituzten; azken tantoetara arte ez zen posible izan, ordea. Aurkako 22-18ko markagailuarekin herritarrak eta hernaniarrak txapeldunordearen garaikurra jaso zuten.