Horixe da GurasoLeku-ren abiapuntua. 0 eta 5 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako egitasmoa da, eta helburu nagusia gurasoen bidelagun izatea da, hurrengo belaunaldiek euskara modu natural, eroso eta osatuenean ikasi eta erabil dezaten.
Ez dago guraso izateko modu soil bat, ezta euskararekin harremana izateko modu bakarra ere: bakoitzak bere ibilbidea, ezagutza eta ohiturak ditu. Horregatik, GurasoLekuk ere ez du eredu bakarra proposatzen: guraso bakoitzaren hizkuntza errealitatera egokitutako aukerak ematen dizkie parte hartzaileei.
Azken batean, helburua erraza da: euskara eguneroko bizitzara gerturatzea eta seme-alabekin euskaraz aritzeko konfiantza eta aukerak sortzea. Hori horrela izanik, GurasoLeku hiru zutabetan oinarritzen da: GurasoTegi, GurasoLandia eta GurasoLagun. Hiru egitasmo desberdin dira, baina abiapuntu bera dute: euskara familian bizitzeko eta erabiltzeko aukerak sortzea.
Gurasoek euskara ikasteko
Euskara ikasi nahi duten gurasoentzat pentsatutako aukera da GurasoTegi, hizkuntza horretan trebatzeko aukera izan dezaten. Proiektuaren berezitasunetako bat da eskolak seme-alabak ikastetxean dauden bitartean jasotzen dituztela. Baina helburua ez da hizkuntza ezagutzea bakarrik. Egunerokoan euskaraz komunikatzeko behar diren oinarrizko gaitasunak lantzen dituzte, bereziki seme-alabekin sortzen diren egoeretan erabiltzeko.
Etxean, beraz, euskarazko hitz gehiago erabiltzeko lehen urratsa izan daiteke, baina baita seme-alabekin euskaraz aritzeko segurtasun handiagoa hartzeko aukera ere.
Gozatzeko ere bai
Euskara ez da ikasteko soilik, baita familiarekin gozatzeko ere; bizitzeko, jolasteko eta partekatzeko. Horixe da GurasoLandia jardueraren proposamena: guraso eta seme-alabentzako euskarazko aisialdi eskaintza. Helburua bi hitzetan laburbil daiteke: elkarrekin ondo pasatzea eta euskaraz aritzea. Aisialdiko jarduerak aukera polita dira hizkuntza modu naturalean erabiltzeko.
Ez dago ariketa edo ikasgairik egin beharrik: elkarrekin egon, parte hartu eta gozatzea da kontua. Eta haurren ikuspegitik, are errazagoa izan daiteke, jolasa delako beraien hizkuntza ikaskuntzarako espazio naturalenetako bat.
Elkarrekin, errazago
Badira euskara ulertzen duten baina hitz egitea gehiago kostatzen zaien gurasoak ere. Edo ikasten ari direnak eta praktikatzeko aukerak behar dituztenak. Horientzat da GurasoLagun. Egitasmoaren helburua gurasoak elkartzea da, mintzapraktika egiteko eta, modu informalean, komunikazio ohitura berriak sortzeko. Ez da eskola bat. Ez da azterketarik. Hitz egitea da kontua. Elkarrizketak, eguneroko gaiak, zalantzak, barreak... eta, batez ere, euskaraz egiteko tartea aurkitzea.


