Adineko pertsonen garrantzia aldarrikatzeko astea prestatu dute

Txintxarri Aldizkaria

Urriaren 1etik 8ra artekoak ospakizun egun bereziak izango dira udalerriko nagusientzat. Gozatzeko ekimenak prestatu dituzte Biyak Bat egoitzak eta udalak, baina baita adin tarte horretako bizilagunek zenbat balio duten erakusteko ere: "Adinekoak kontuan ez dituzten herriek euren identitatearen parte garrantzitsu bat galtzen dute", nabarmendu dute. Erakundeari ez ezik, kolaboratzaileei eskerrak eman dizkiete eragileko zuzendaritzako kideek, honakoa ohartaraztearekin batera: are boluntario gehiago behar dituzte eguneroko lana aurrera eramateko.

Ordu askotako lanaren ostean iragarri dute prest dutela Adinekoen Omenaldi Asteko egitaraua. Urriaren 1ean igoko dute Biyak Bat egoitzako (Kale Nagusia, 40) bandera, 12:00etan, eta astebete geroago itxiko dituzte ospakizunak urrezko ezteiak aurten bete dituzten bizilagunak omenduta. Tartean, batez ere adinekoek baina gainerako herritarrek ere disfrutatzeko hamaika jarduera prestatu dituzte.

Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok nabarmendu du urriaren 4a (igandea) izango dela egun handia: "San Pedro parrokian meza egingo dute eta, ondoren, Michelingo kirol gunera joango dira bazkaltzera. Ostean, Trio Galea taldearen doinuekin dantzatuko dute". Horrekin batera, zehaztu du nagusiek "gozatzea" dela helburu nagusia, baina baita adin tarte horretako pertsonek duten garrantzia erakustea ere: "Oso inportanteak dira eta hori kontuan ez duten udalerriek bai identitatearen bai ideosinkrasiaren funtsezko parte bat galtzen ari dira". 

Norabide horretan, bezperako kontzertuan jarri du azpimarra Acevedok. "Aurreko urteetan, adinekoak ez ezik, gazteak joan izan dira Oriarteko patiora, erdi lotsatuta-edo, beraiek ere sar zitezkeen edo ez jakin gabe. Bada, beraiek eta gainerako herritarrak animatzen ditugu joatera, belaunaldien arteko loturak indartzeko ekimen polita dela uste baitugu".

Ikuskera aberasteko

Horri lotuta, Agustin Valdivia alkateak adierazi du "berebizikoa" dela pertsona horiekin harremanetan jarri eta hitz egitea. "Garai nahasiak bizi ditugu eta gatazkak ditugu nonahi. Nagusiak diren pertsonek bizitzari buruzko ikuskera oso aberatsak dituzte eta gureak zabaltzen laguntzen digute". 

Egitarauko ekimenak banan-banan aletu aurretik, Biyak Bateko lehendakari Lucia Muñozek eskerrak eman dizkie udalari eta elkartearen kolaboratzaile guztiei, ekimena aurrera ateratzeko "ezinbestekoa" delako euren laguntza. Horrekin batera, zuzendaritza taldeko kideak "lanez gainezka" daudela adierazi du eta "biziki" estimatuko dutela boluntario izan nahi duten bizilagun guztien ekarpena.

Egitaraua, egunez egun

Urriak 1, osteguna

  • 12:00etan, Biyak Bat egoitza atarian, bandera igotzea.

Urriak 2, ostirala

  • 11:00etan, Okendo plazatik abiatuta, Ondo Ibili ibilaldi osasuntsua jarduera.
  • 12:00etan, Antonio Mercero aretoan, ibilaldian parte hartu dutenentzako luntxa.
  • 19:00etan, kultur etxean, Biyak Bat koruko kideen emanaldia.

Urriak 3, larunbata

  • 09:30ean, Okendo plazatik abiatuta, Ibilaldi Neurtua jarduera.
  • 18:30ean, Oriarte Landaberri institutuko patioan, Epsilon taldearen kontzertua.

Urriak 4, igandea

  • 12:30ean, San Pedro parrokian, meza.
  • 14:00etan, Michelin kirol gunean, bazkaria eta ondorengo dantzaldia, Trio Galea-ren eskutik.

Urriak 5, astelehena

  • 10:00etan, Maialen Chourraut kiroldegian, gimnastika erakustaldia.
  • 16:00etan, Biyak Bat egoitzan, mugikortasun jokoak.

Urriak 6, asteartea

  • 17:00etan, Isla plazan, dantza erakustaldia.

Urriak 7, asteazkena

  • 18:00etan, Biyak Bat egoitzan, jokoetako sari banaketa eta txokolate jana.

Urriak 8, osteguna

  • 10:40ean, Biyak Bat egoitzatik abiatuta, Ama Brigitarren komentura arteko kalejira.
  • 11:00etan, Ama Brigitarren komentuan, meza.
  • 12:00etan, Biyak Bat egoitzan, opari banaketa urrezko ezteiak bete dituztenei.
  • 14:30ean, Herriko Etxea jatetxean, bazkaria. Ondoren, dantzaldia, Niko DJk jarritako doinuekin.