Astebete barru ekingo diote ikasturteari Borobilean Elkartekoek

Txintxarri Aldizkaria

Egia Kermanentzat eragileko kideak gonbidatuko ditu Borobilean Elkarteak ikasturteko aurreneko saiora hilaren 22an. Oriarte Landaberri institutuko musika gelan elkartuko dira, 19:00etan.

Egia Kermanentzat izena du Kerman Villate gasteiztarraren senide eta lagunek sortu duten elkarteak, haren heriotzaren egia argitzeko eta gizarteratzeko, eta justizia eta erreparazioa eskatzeko. Gasteizko Mitika dantzalekuko atezain batek jo eta hil zuen Villate, iazko otsailean. 

Justiziak eta erakundeek "erantzun desegokia" eman dietela uste dute eragile horretako partaideek, eta ez dela babestu Kerman Villateren defentsa eskubidea. Espero dute erakundeek "berrikusi eta zuzendu" egingo dutela Kermanen heriotzari emandako erantzuna. Jarduerak bultzatuko dituzte, egian, justizian eta erreparazioan oinarrituta.

Datorren asteko astearteko solasaldira Kermanen gurasoak etorriko dira, Arantzazu Beitia eta Roberto Villate. 19:00etan hasiko da solasaldi irekia, euskaraz; baten batek behar izatekotan, gaztelerarako itzulpen zerbitzua emango dute.