Futbol Inklusiboko topaketa, larunbatean, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria

Gipuzkoako Futbol Federazioko, Lasarte-Oriako udal zein herriko Ostadar SKT eta Texas Lasartearra CF futbol taldeetako ordezkariak, aurkezpenean. Arg.: LO Udala.

Duela bost urte, Gipuzkoako Futbol Federazioak desgaitasunak dituzten zein ez dituzten haur eta gazteak batzeko futbol topaketak antolatzen hasi zen. Geroztik 55 jardunaldi egin dituzte eta 30 herritik igaro da ekimena. Aurtengo denboraldiari hasiera emateko Lasarte-Oria aukeratu dute; hilaren 19an, 11:00etan, Atsobakar kirol gunean. Gipuzkoako Futbol Federazioko, Lasarte-Oriako udal zein herriko Ostadar SKT eta Texas Lasartearra CF futbol taldeetako ordezkariek aurkeztu zuten jardunaldia

Futbol Inklusiboko topaketen helburua gune pertsona guztiek kirola egiteko, gozatzeko eta taldeko kide sentitzeko gune partekatu bat sortzea da. Josu Zubia Ramos proiektuko koordinatzaileak adierazi zuenez: “Gozatzea eta futbolean jokatzeko aukera izatea da helburu nagusia. Federazio eta gizarte gisa, aukera hori emateko eta kirola egiteko duten eskubidea gauzatzeko betebeharra dugu".

Erakundeko kideak azaldu moduan, saioak parte hartzaileen autonomia maila eta behar desberdinetara egokitzen dira, eta, kasu batzuetan, banakako laguntza ere behar izaten da. Horregatik da hain garrantzitsua kluben eta haien langile teknikoen inplikazioa.

Era berean, gainerako parte hartzaileek ikasi dezaketenari ere balioa eman zion Zubiak: “Emaitzak alde batera uzten dira eta laguntasuna, errespetua eta elkartasuna bezalako baloreak lantzen dira”.

Topaketa zortzi urtetik gorako desgaitasunak dituzten zein ez dituzten haur eta gazteei zuzenduta dago eta parte hartu nahi duten herritarrek bi bide dituzte izen emateko: futbolegokitua@gipuzkoafutbola.eus helbide elektronikoa edo 747 426 823 telefono zenbakia.

Elkarlana

Prentsaurrean nabarmendu zutenez, ekimena Udaleko Kirol Sailaren, Gipuzkoako Futbol Federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Arloaren elkarlanari esker egin ahal izan da eta Ostadar SKT zein Texas Lasartearra CF kluben laguntza ere izango du aurrera eraman ahal izateko.

Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente Manu Diaz de Marcos pozik agertu zen jardunaldia Lasarte-Orian egingo delako: “Guretzat albiste zoragarria da Lasarte-Orian hastea, herriko bi kluben laguntzarekin eta gainera Atsobakarreko instalazioetan. Uste dut egun polita izango dela familia guztientzat eta esperientzia honetan parte hartzen duten neska-mutil guztientzat”.

Agustin Valdivia Calvo alkateak udalak kirola inklusiorako eta kohesio sozialerako tresna bihurtzeko egiten duen lanaren barruan kokatu zuen jarduera: “Ez gara soilik instalazioez, lehiaketez edo jarduera fisikoaz ari. Aukerak sortzeaz, espazioak partekatzeaz eta pertsona guztiak haien parte sentitzea lortzeaz ere hitz egiten dugu”. Ildo horretan, nabarmendu du horrelako ekimenek “kirolak duen gaitasun sozial, integratzaile eta eraldatzailea erakusten dutela, erakundeek, federazioek eta klubek elkarrekin lan egiten dugunean”.

Azkenik, Kirol zinegotzi Goizalde Pildainek hilaren 19koa hitzordu berezia izango dela azpimarratu du: "Lehendabiziko aldia izango da futboleko jardunaldi inklusibo bat egingo dena Atsobakarren eta guretzat oso garrantzitsua da". Eskerrak eman zizkion Texas CF eta Ostadar SKT taldeei elkarlanean egindako lanarengatik eta herritar guztiak gonbidatu ditu jardunaldian parte hartu, futbolaz gozatu edo besterik gabe, topaketa ikustera.