Maialen Chourraut herritarra, Munduko Kopako hirugarren

Txintxarri Aldizkaria

Maialen Chourraut herritarra, Munduko kopako finalean lehian. Arg.: RFEPiraguismo

Maialen Chourraut herritarrak Munduko Kopako hirugarren postua eskuratu du lehenengoz K1 mailan. Ibilbide oparoa du Lasarte-Oriako palistak, Munduko Kopetan probak irabazi ditu, baina txapelketako podium orokorrera igotzen den lehen aldia da. Aurten erregularra izan da Munduko Kopan eta bost jardunaldietako finaletatik lautan lehian izan da Olinpiar dominaduna

Azkena hilaren 11n izan zen, La Seu d'Urgellen (Katalunia) jokatu zen finalean. K1 proban pausoz pauso egin zuen herritarrak. Kanporaketa, final laurdena eta finalerdi gainditu behar izan zituen horretarako. Ez zuen lan erraza izan eta jaitsieretan akatsik izan bazuen ere, marka onak eginez aurrera egin zuen. Finalerdian, esate baterako, bederatzigarren denborarik onena egin zuen (97.93), nahiz eta 9. atean 2 puntuko penalizazioa gehitu zioten.

Finalean ere akats bat izan zuen 23. atean eta jaitsiera hirugarren postuan (99.36) amaitu bazuen ere, bere ondoren atera ziren Jessica Fox, Camille Prigent eta Monica Doria palistek lehen sailkatuaren denbora ondu eta podiuma osatu zuten. Herritarrak seigarren amaitu zuen saioa.

Hori ez zen herriko kirolariaren lehiaketako azken proba izan. Hilaren 13an, kayak kroseko lauko norgehiagokan parte hartu zuen herritarrak; ezin izan zen final laurdenetara pasa.

Chourraut, podiumean. Arg.: RFEPiraguismo.

Lasarteoriatarrak sentsazio gazi gozoa du lortutako Munduko kopako podiumarengatik. Pozarren dago lortutako postuarengatik baina arantza bat duela onartu du: "Pena dut aukerak galdu izanaz. Egoera fisiko onean nago eta denboraldi honetan ongi jardun naiz. Ez dakit berriro horrela egongo naizen".