Donostia Arraun Lagunak-ek, bosgarren Kontxako bandera Lugañenera

Txintxarri Aldizkaria

Donostia Arraun Lagunak-eko eskifaia eta prestatzaileak, Kontxako banderarekin. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza.

Donostia Arraun Lagunak-ek denboraldiari amaiera bikaina eman zion atzo Kontxako Banderako ohorezko txandan. Hasieratik  probako buru jarri zen Aiora Belartieta herritarraren ontzia. Nahiz eta San Juan CMO Valves ziaboga ostean gertu izan, hamar segundoko errentarekin amaitu eta bosgarrenez Kontxako bandera jaso zuen 'Lugañene'k. Nortindal Donostiarrak, aldiz, borroka estua izan zuen lehen txandan Orio Orialki eta Zarautz Gesalagarekin eta seigarren postuan amaitu zuen lehia

Kontxako Banderako bigarren saioa lehiatu zen atzo Donostian. Aurreko astekoaren antzera kaia, alde zaharra eta badiako inguruak kolore ezberdinez bete ziren eta eskifaia ezberdinetako zaletuek ederki animatu zituzten euren taldeak. Kartel ugari ikusi ahal izan ziren eta horien artean, Aiora Belartieta herritarraren kuadrillak egindakoan honakoa irakurri ahal izan zen: Lehorretik zurekin, itsasoan zu nagusi. Aupa Aiora. Aupa Arraun.

Lehen saioko bederatzi segundoko aldea zuen herritarraren ontziak aurreko hiru urteetan jarraian eskuratutako bandera berresteko eta ez zuten hutsik egin.

Ohorezko txandari hasiera ematearekin bat aurre jarri zen Lugañene. Ligan zein aurreko jardunaldian aurkari zuzena Tolosaldea Ak izan bazen ere, oraingoan ez zen horrela izan; hautagai berri bat gehitu zitzaion lehiari, San Juan CMO Valves.

Donibaneko eskifaiak Donostia Arraun Lagunak-ek baino bost segundo gehiago behar izan zituen ziaboga egiteko, baina horren ostean errenta bi segundora murriztea lortu zuen. Belartieta eta bere ontzi kideek, ordea, ederki erantzun zuten erasora eta pixkanaka hondartzara gerturatzearekin batera aldea handitzea lortu zuten. Helmugan 10.31,32 egin eta Batelerak  hamar segundora iritsi zen.

Bigarren postuarengatik lehia

Aurretik, lehen txandan, Hibaika Jamones Ancin ontziak lortu zuen garaipena nagusitasunez; hasieratik helmugara buru izan zen arriskurik gabe. Enara Arruti herritarraren Nortindal Donstiarra, aldiz, bigarren izan zen ederki borrokatuta.

Lehia estua izan zen Bantxa, Orio Orialki eta Zarautz Gesalaga Okelan eskifaien artean. Hiru ontziak parean izan ziren joaneko luzean. Ziabogan segundo ehuneko gutxiren aldea izan zen Donostiarra eta Zarautzean artean; Oriok bi segundo gehiago behar izan zituen.

Nortindal Donostiarra eta Hibaika Jamones Ancin, lehen txandan lehian. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza.

Hondartzara bidean, Oriok erritmoa bizitu eta aldea murriztu zuen. Probako azken metroetan, Arruti eta bere kideek ahalegin ederra egin zuten txandako bigarren postua mantentzeko. Eguneko sailkapenean, aldiz, seigarren izan zen Bantxa, baita bi saioetako denborak gehituta ere. Ikus beheko emaitzak:

Bigarren jardunaldiko denborak:

  1. Donostia Arraun Lagunak    10.31,32
  2. San Juan CMO Valves       10.41,82
  3. Tolosaldea Arraun Kluba     10.46,68
  4. Astillero Eneryt Servicios     10.48,04
  5. Hibaika Jamones Ancin       10.49,70
  6. Nortindal Donostiarra           10.59,26
  7. Orio Orialki                              10.59,60
  8. Zarautz Gesalaga Okelan     11.02,28

Sailkapen orokorra:

  1. Donostia Arraun Lagunak     21.21,00
  2. San Juan CMO Valves        21.42,04
  3. Tolosaldea Arraun Kluba      21.45,54
  4. Astillero Eneryt Servicios      21.48,46
  5. Hibaika Jamones Ancin        21.51,70
  6. Nortindal Donostiarra            22.02,20
  7. Orio Orialki                               22.07,74
  8. Zarautz Gesalaga Okelan      22.09,04

Euskotren Ligan mantentzeko lehia

Kontxako bandera lehiatuta, hurrengo asteburuan, Euskotren Ligako kanporaketa jokatuko dira Bermeo eta Portugaleten (Bizkaia). Nortindal Donostiarra ontzia maila mantentzeko lehiatuko da horietan. Aurreko denboraldian ederki gainditu zuen erronka.