Sorterria ospatzen jarraitu dute

Txintxarri Aldizkaria

Aste Kulturala ospatu du Ama Guadalupeko Extremadura Etxeak, aste osoan zehar. Iganderaino gozatu dute herritarrek jarduerez onduriko egitarau zabalaz. 

Txupinak eman zion hasiera asteburuko ospakizunari. Pixkanaka-pixkanaka elkartu ziren herritarrak, Extremadura Etxeko egoitza pareko barran. Txistorra eta nahierako edariak eskaini zituzten elkartekideek, eta Ritmo Activo taldearen dantzak girotu zuen pintxopotea. Dantzaldiarekin jarraiki, masterclassa gidatu zuen Oreretako Alcafe taldeak. Etxeko txikienetik hasita helduraino aritu ziren jarraibideak fin-fin erreplikatzen. Gauean, afari herrikoia antolatu zuten bazkideekin, gonbidatuekin eta udal gobernuko ordezkariekin. Ohiko legez, menu goxoa dastatu zuten: txerrikiak, bakailaoa, masailak saltsan eta sagarrezko tarta. 

Larunbatean egun osorako programa prestatu zuten. Goizean goiz, elizkizuna, Ama Brigitarren Komentuan. Felix Garitano kapilauak zuzendu zuen meza, eta Flor de la Jara taldeak musikatu. Doinuen generoa erabat aldatu, eta Oaintxe in deu! txarangak hartu zuen melodien lekukoa. Izan ere, kalejira egin zuten erdigunetik hasi eta Sasoetako auzoan barrena. Extremadura Etxeko egoitzan, LOZETeko buruhandiak eta erraldoiak batu zitzaizkien. Indarberritzeko asmoz, aurrera eraman zuten paella herrikoia. Kasu honetan, Jaizkibel plazan prestatu zuten. Gustura bete zituzten sabelak, iraileko eguzki atseginarenpean. 

Arratsaldean, jokoak. Hasteko, futbolinean jokatu ziren, Jalguneko kideekin batera. Hogei bikotek osatu zuten txapelketa. Lehia bizian aritu ziren, baina giro ederrean, noski. Norgehiagoka politak eman ziren, eta hartu-eman ederrak. Katilu bana jaso zuen parte hartzaile orok. Aldi berean, ginkanan aritu ziren 10 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak. Bost pistarekin, bost objektu topatu eta bost argazki egin behar izan zituen talde bakoitzak. Aurtengo jaien berrikuntzetako bat izan zen jarduera hori. Arratsaldeko txandarekin amaitzen joateko, emanaldia eskaini zuen Brotes de Encina taldeak, Jaizkibel plazan. Era berean, Gaztelekuko lagunekin batera, oliben jaurtiketen lehiaketa egin zuten. Hura ere aurtengo nobedadea izan zen. 

Festarekin amaitzeko, ikuskizun eta joko gehiago 

Igandearekin batera amaitu dira festak. Goizean, tarte bat egin diete emankizunei. Oraingo honetan Semblante Andaluzeko taldeek parte hartu dute: Al Alba, Azabache, Azahar eta Duende. Eguzkiak bete-betean jotzen zuenez Jaizkibel plazan, oholtzak sortutako itzala aprobetxatu du publikoak koreografiez disfrutatzeko. Asteburuko ohiturari jarraituta, bazkari herrikoiaz gozatu dute segidan, hots, extremadurako eltzekariaz. 

Arratsaldean, bola lehiaketari ekin diote. Orotariko adineko pertsonak bildu dira, Gazteleku parean. Alai eta pozik jolastu dira, ezin baitu elkarte honek beste era batera jardun. Algara artean amaitu dute aurtengo aste kulturala. 

Erlazionatuak