Euskal Herria irabazteko eta faxismoari ezetz esateko, mobilizazioa deitu du Ernai Gazte Erakundeak, Donostian, hilaren 13an. Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 13:30ean. Lasarte-Oriako Euskotreneko geltokian elkartuko dira, 12:30ean herritik abiatzeko, eta 13:15ean aterako dute argazkia, Bulebarrean. Lasarte-Oriako Ernai erakundeko Nora Otaegi (Lasarte-Oria, 2006) eta Oier Bergara (Lasarte-Oria, 2007) militanteekin elkartu da TXINTXARRI mobilizazioaren nondik norakoak ezagutzeko.
Mobilizazio nazionala deitu duzue hilaren 13rako, Donostian. Zer aldarrikatzeko?
Nora Otaegi: Hori da, igande honetan, hilaren 13an, manifestazio nazionala aurrera eramango dugu, eta gure aldarriak Euskal Herria irabaztera eta Faxismoari ez dira. Izan ere, egungo garai nahasian, genozidioak, gerrak eta gatazkak etengabeak dira, eta haiekin batera ezegonkortasuna nagusitu da gizartean. Horrek Euskal Herriko herritarrengan kezka eta ezinegon handia sortu du, eta horretaz baliatuz, oldarraldi erreakzionarioa martxan jarri da diskurtso arrazistak, matxistak, homofoboak eta transfoboak zabaltzen ari baitira, nonahi. Ernaitik horri erantzun tinkoa ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
'Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez' da manifestaziorako leloa. Zer adierazi nahi duzue horrekin?
N.O.: Adierazi nahi duguna da faxismoaren aurrean antolatzea eta borrokatzea dela Euskal Herriko gazteon aukera bakarra, ezin dugulako onartu gorrotoa eta zapalkuntzak oinarrian dituzten diskurtsoak gure gizartean zabaltzea eta normalizatzea. Gainera, jakina da gure herrian faxismoak zein forma hartzen duen; espainolismo eta jacobinismo atzerakoiarena, hain zuzen. Jarrera horiei gure proiektua guztiz kontrajarria zaie, termino askatzaileen baitan ematen delako, eta horregatik da hain garrantzitsua zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria askearen alde borrokatzea eta faxismoari aurre egitea.
Nora Otaegi: "Denok izan behar gara agente aktibo faxismoari aurre egiteko"
"Garai erabakigarria" dela aitortu duzue Ernaiko kideok, zergatik da garrantzitsua orain antolatzea?
Oier Bergara: Ernaiko kideok ulertzen dugu oraina erabakigarria dela. Alde batetik, kapitalismoaren krisialdi sakona bizi dugu, non kapitalismoaren fase baten amaiera eta beste baten hasiera ematen ari den. Izan ere, gutxi batzuen interesei eusteko, oraindik eta kapitalismo bortitzagoa sortzen ari da. Bestetik, esan bezala, gerrak eta gatazkak etengabeak dira, eta horrek ezegonkortasun handia ekarri du oldarraldi erreakzionarioarekin batera; Euskal Herria eta gure proiektua ikusmiran jarri dituzte. Horren guztiaren emaitza lorturiko eskubideetan atzerapausoak emateko arriskua eta prekarietatea handitzea da. Beraz, ezinbestekoa da erantzuna hemen eta orain ematea: ez dugu mobilizatzea ez den beste aukerarik.
Beldurra eta gorrotoa baliatuz, areagotzen ari da olatu erreakzionarioa nazioartean. Nola eragiten die horrek gazte euskaldunei?
O.B.: Olatu erreakzionarioa nazioartean bezainbeste zabaltzen ari da espainiar estatuan, eta honek eragin zuzena du Euskal Herrian. Sare sozialetan, komunikabide batzuetan eta kalean gero eta ohikoagoak dira diskurtso arrazistak eta misoginoak, baita talde neonazien presentzia ere, ideia horiek normalizatuz. Hain zuzen, olatu honen xedea faxismoa zabaltzea eta ultraeskuinerantz lerratzea da. Gainera, Euskal Herriaren kasuan bereziki du eragina diskurtso honek: gure izaera, kultura eta hizkuntza deuseztatu nahi ditu. Horrez gain, lehen esan bezala, gazteok gero eta prekarizatuago bizi gara: lan baldintza kaxkarrak, soldata baxuak, aldizkako kontratatuak… Gainera, aintzat hartu behar dugu ikasketak egin eta lana izatea ez dela nahikoa emantzipatzeko, etxebizitzaren krisia dela-eta.
Faxismoaren jomugan omen dago Euskal Herria. Hori dela-eta, zein alternatiba eman nahi duzue?
N.O.: Bai, aipatu dugun bezala, faxismoak jomugan du Euskal Herria, gurea memoria antifaxista handia izateagatik nabarmendutako herria delako eta beren ideia atzerakoiekiko kontrajarria delako gure proiektua. Horregatik, gure herriaren kultura, hizkuntza eta izaera ukatuak dira, etengabe. Hori dela-eta, ulertu behar dugu borroka antifaxista Euskal Herriaren askapen prozesuarekin batera. Hala ere, guk Euskal Herriarentzat proposatutakoa, faxismoaren kontra joatetik harago, proiektu emantzipatzaile osoa da, guztiz integrala eta askatzailea. Bestela esanda, Ernaitik proposatutako alternatiba zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske, feminista, sozialista eta euskalduna eraikitzea da, eta hori lortzera bidean borrokan jarraituko dugu.
Oier Bergara: "Antolatzen jarraituko dugu faxismoari arnasik hartzen ez uzteko"
Eta hilaren 13ko mobilizazioaren ostean, zer?
O.B.: Manifestazio horren helburua aurrerapausoa ematea, herri hau ezker-eskuin astintzea eta askatasunaren aldeko bidea irekitzea da. Horretarako, lehen lerroan izango gara gazteok. Baina, mobilizazioaren ostean ere, antolatzen jarraituko dugu faxismoari arnasik hartzen ez uzteko eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria lortzeko, horretarako etxe eta lantresna Ernai izanik. Faxismoa eta erreakzioaren aurrean, Euskal Herria aldarrikatuz.
Zer esango zeniekete lasarteoriatar gazteei manifestazioarekin bat egin eta Donostiara joan daitezen?
N.O.: Bai, noski, Lasarte-Oriako gazte guztiak animatu nahi ditugu igandeko manifestazioan parte hartzera. Are gehiago, gazte guztiok lehen lerroak hartu behar ditugu eta denok izan behar gara agente aktibo faxismoari aurre egiteko eta Euskal Herri askea sortzeko bidean. Kaleak hartu, denok batera Euskal Herria irabaztera goazelako. Faxismoari aurre egiterako garaian ez dagoelako erdibiderik, mobilizatu!