[EDUKI BABESTUA] Euskara eroso ikasi eta bizitzeko, ateak zabaldu dituzte Muntteri AEKn

Txintxarri Aldizkaria

Euskara ikasle eta irakasleak, eroso, euskaltegiko atarian. TXINTXARRI

Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegiak ikasturte berriko matrikulazio epea ireki du, ikastaro malguak eta dirulaguntza zabalak eskainita

Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegian, herritar guztiei egokitutako eskaintza zabala eta malgua prestatu dute, euskaraz eroso aritu eta hizkuntza egunerokoan txertatzeko aukera hurbil zein doakoa eskaintzeko asmoz.

Lasarte-Oriako Muntteri AEK euskaltegiko arduradun Andoni Salsamendiren hitzetan, baliabide publikoen babesa erabakigarria dute euskalduntze prozesuan: "Eusko Jaurlaritzaren HABEren dirulaguntzei esker eta euskara bonuen bidez, ikasleek abantaila ekonomiko izugarriak dituzte gaur egun gurekin euskara ikasten hasteko edo beren maila hobetzeko". Era berean, Salsamendik azpimarratu du lehen mailak (A0 eta A1) aukera paregabea dutela euskara ikasten hasteko: "Lehenbiziko urratsa ematea izaten da askotan zailena, baina A1 mailan dauden pertsonek erraztasun eta bultzada ekonomiko oso bereziak dituzte orain".

"Lehen mailetako ikasleek aukera paregabea dute dirulaguntza bereziei esker"

Euskaltegiak ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako ikastaro mota ezberdinak biltzen ditu eskaintzan:

  • Aurrez aurreko eskolak eta ordutegi malguak, bizitza pertsonala zein lan eremua erraz bateratzeko.
  • Azterketa ofizialak ikasteko eta prestatzeko ikastaroak, maila guztiak estaltzen dituztenak (A0, A1, A2, B1, B2, C1, C2).
  • Guraso taldeak, herriko ikastetxeen bidez bideratutakoak eta familiari zuzendutakoak.
  • Autoikaskuntza eta Mintzapraktika, euskara era praktikoan erabiltzeko.

Horrez gain, Lasarte-Oriako Udalak eskainitako dirulaguntzak ere oso nabarmenak dira; % 85eko asistentzia betez gero, matrikularen % 85era arteko berreskuratzea lor baitaiteke, A1 lerroko dirulaguntzaz zein C1 mailako 16-18 urte bitartekoentzat bideratutako laguntza bereziez gain.

Matrikulazio epea zabalik dago dagoeneko hilaren 25era arte. Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, herritarrak Geltoki kalea 17 behea egoitzara hurbil daitezke (bulego ordutegian: 10:30-13:00 eta 17:00-19:30; ostiraletan 10:30-13:00). Halaber, 607 625 233 telefonora deitu edo lasarte@aek.eus helbidera mezu bat idatz daiteke.