Txapela kentzeko moduko pintxo-potea egin dute

Txintxarri Aldizkaria

Kulturaren alor garrantzitsuetako bat da gastronomia eta horren bueltan ardaztu zuten Aste Kulturaleko atzoko jardunaldia. Pintxo lehiaketara aurkeztutako finalistek gutiziak kozinatu eta epaimahaiari aurkeztu zizkioten. Deliberatu eta saridunak iragarri ostean, jaki horiek baliatuta pintxo-potea egin zuten Extremadurako Etxearen egoitzan bertan. 

Zortzi elaborazio aurkeztu zituzten finalistek, itxura eta zapore onekoak guztiak ere. Horrelakoetan irabazlea aukeratu beharra izaten denez, gastronomiaren alorrean profesionalak diren hiru herritarrek parte hartu zuten: Avenida taberna-jatetxeko sukaldari Yon Mikel Rodriguez eta Liza Rendon eta bere izena daraman harategiko jabe Patxi Larrañaga. 

Txibiekin egindako patata tortilla beltza alioliarekin. Hori izan zen pintxo irabazlea, Alicia eta Alberto Calvok prestatutakoa. Bigarren onena Angel Barrerak kozinatu zuen, txipiroiz betetako piperrak. Eta hirugarrena, Oscar semeak egindako odolkia, tomatearekin. Gainerako finalisten gutiziak hauek izan ziren: bao ogian sartutako txahal masailak (Antonio eta Aitor Moriana); txerri azpizunarekin osatutako txitxi burruntzia (Antonio Perez); patata eta olagarro brotxeta (Fortu Muñoz); txanpinoiak otarrainxkekin (Deme Hurtado); eta Torta del Casar gaztadun azpizuna, karamelizatutako tipularekin eta marrubi marmeladarekin (Pili Moreno eta Bego Iñigo). Horiek guztiek ere epaimahikideen aipamen berezia jaso zuten.

Sariak banatu ostean, jaki horiek dastatu zituzten pintxo-potea egitera bertaratutakoek, euro gutxi batzuen truke. Jatekoa mota ugaritako edariekin ezkondu zuten.

Asteburuko ekimenak

Hilak 11, ostirala

  • 18:30ean, pintxo-potea.
  • 18:30ean, Lasarte ritmo activo emanaldia.
  • 19:30ean, dantza tailerra.
  • 21:30ean, bazkideen afaria.

Hilak 12, larunbata

  • 11:00etan, meza Ama Brigitarren komentuan, Flor de la Jara taldearekin.
  • 12:00etan, Oaintxe in deu! txarangarekin kalejira Sasoetara.
  • 12:30ean, buruhandiak, egoitzatik abiatuta.
  • 14:30ean, paella jana.
  • 16:30ean, futbolin txapelketa, Jalgune elkarteko lagunekin.
  • 17:00etan, 10 eta 15 urte arteko gaztetxoentzako ginkana, egoitzatik.
  • 17:30ean, Brotes de Encinas taldearen emanaldia.
  • 18:00etan, 12 eta 17 urte arteko gaztetxoentzako oliba jaurtiketa.
  • 19:00etan, DJ Ina.
  • 23:00etan, zezensuzkoa. 

Hilak 13, igandea

  • 10:30ean, marrazki lehiaketa 2KN kafetegian.
  • 11:30ean, haurrentzako jolasak eta tailerrak.
  • 12:00etan, buruhandien kalejira.
  • 13:00etan, dantza emanaldia.
  • 14:30ean, herri bazkaria.
  • 17:30ean, bola lehiaketa.
  • 19:30etan, sariak.
  • 20:00etan, jaien amaiera.