Prebentzioa helburu, isiltasuna hautsi eta enpatia hauspotzeko lan egin dute

Txintxarri Aldizkaria

Bullyingaren prebentzioan baliagarria izan nahi duen 'Bullyingari galga!' proiektua ondu du Ihittenek elkarteak. Askotariko ahotsak bildu ditu, gaia gazteekin lantzeko xedearekin. Urriaren 20an aurkeztuko dute egitasmoa, Arrasaten

Eskola jazarpena eta bullyinga ez dira atzo goizeko kontuak, baina horiei heltzeko moduek zein erremintek norabide berriak hartu dituzte azken urteotan. Arazoa dagoeneko eskolako korridoreetan edo sare sozialetan errotuta dagoenean jarri ohi dira martxan gertakariei erantzuteko protokoloak, baina prebentzioan indarra jartzea eta aldez aurretik hezkuntza komunitate osoarekin esku hartzea ezinbesteko gakoa dela azpimarratzen dute adituek behin eta berriz. Ideia horretatik abiatuta, Lasarte-Oriako Ihitten elkarteak, Fagor Herrigintzaren babesarekin, eskola jazarpenaren prebentzioan aurrera egiteko baliagarria izan daitekeen proiektu bat ondu du. Euskara eta gertuko erreferentziak oinarri hartuta, babesleku izateko eta hausnarketa bultzatzeko ikus-entzunezko tresna indartsu bat sortu du: Bullyingari galga!. Hori horrela. egitasmoa landu duen taldeari, prozesuaren barrunbeei eta sortutako materialari buruz hitz egiteko, Ihitten elkarteko kide Idoia Garzes eta Isa Fernandez de Agirrerekin elkartu da TXINTXARRI. Ikus-entzunezkoen arloan lan egiten duten profesionalak dira Ihitteneko kideak, ez dira psikologoak ezta soziologoak, baina oso garbi daukate irudiaren, gertutasunaren eta euskararen indarraz baliatuta, ekarpen handia egin daitekeela gizartean hainbesteko mina sortzen duen auzi horretan: "Prebentzio lanean denok batera arraun egitea ezinbestekoa da. Tresna hau hezkuntza komunitate osoarentzat bidelagun bikaina bilakatzea nahi genuke". 

Gertuko erreferenteak eta euskarazko edukiak

Proiektu baten atzean beti egoten da barne motibazio bat. Elkarrizketatuek azaldu dute "oso hurbil" ikusi dituztela jazarpen kasuak, dela familian, dela ezagunen zein lagunen artean. Fernandez de Agirre izan zen proiektuaren lehen hazia mahai gainean jarri zuena, eta talde osoa inplikatu zen berehala, denek sentitzen zutelako gaia ez zela alboratuta utzi beharreko kontua.

Laster lotu zituzten partaideak eta elkarlanak. Axular Ikastolako bizikidetza arduradun eta hezitzaile den Agurtzane Olazagoitia herritarrarekin izandako harremanak mugarri garrantzitsu bat jarri zuen abiapuntu horretan. Hark eman zien ikastetxeetan eta hezkuntza arautuan erabili ohi diren hainbat egitasmo edo programen berri —adibidez, Finlandiatik datorren proiektu bat—. Eduki horiek, ordea, ingelesez jasota egon eta azpitituluekin ikusi behar izateak, ikasle eta gazteengan urrutiko kontu gisa sentitzeko arrisku handia ekar zezakeela jabetu ziren: "Iruditzen zitzaigun Euskal Herriko gazteentzat errazegia zela distantzia jarri eta sentitzea ez zela beren eguneroko gauza. Horrek, gainera, mezuarekin enpatizatzea edo biktimen larruan jartzea zaildu egiten du". Hori saihesteko, norberak hitz egiten duen hizkuntza darabilena entzutea, norbere paisaiak, kaleak eta euskal erreferenteak izateari berebiziko garrantzia eman diote sortzaileek: "Horrek askoz ere eraginkorrago eta zuzenago egiten du mezuaren harrera". Hutsune nabarmen hori betetzeko eta prebentzio lanari benetako indarra emateko helburuarekin sortu dute euskara ardatz duen ikus-entzunezko proiektua. 

Talde lana eta babes ekonomikoa

Ideia bat mahaigaineratzea gauza bat da, baina horri guztiari haratagoko forma eman eta kalitatezko ikus-entzunezko produktu bat bilakatzea bestelako erronka da. Ihitten taldeko lagunek oso garbi zeukaten proiektua "txukun, dotore eta profesionaltasun osoz" egin behar zutela, edukiak merezi moduko eragina izan zezan. Eta horretarako, noski, "finantziazioa eta babes ekonomiko sendoa" lortzea ezinbesteko baldintza bilakatu ziren. Ihittenen filosofian oso errotuta dago gizarteari, "herriari edo beharra duenari ekarpena egitea". Zerbitzuak eskaintzen dituzten lantaldea izanik, eskuartean zuten proiektuaren alde euren ahalegin guztiak egiteko prest zeuden arren, profesionalen lana, ekoizpena, grabazioak, dietak eta azpiegitura teknikoa ordaintzeko baliabideak lortu behar zituzten nahitaez.

Orduantxe bat egin zuen Fagor Herrigintza proiektuak. Fagorrek urtero egiten duen deialdi publikoan aurkeztu zuten beren egitasmoa, eta deialdi horren berezitasun nagusia da kooperatibako bazkideak direla hautagaien artean azken hautaketa egiten dutenak. Hori hala izan eta Bullyingari galga! hautatu izanak "izugarrizko poza" sorrarazi zien: "Horrek argi erakusten du gizartean zein kooperatibako kideen artean gaiak daukan sentikortasuna eta interesa; guztiok ukitzen gaituen zehar gaia baita eskola jazarpena, dela gure seme-alaben bidez, dela iloba, lehengusu edo bizilagunen bidez". Fagor Herrigintzaz gain, Orona Fundazioak ere bere babes ekonomikoa eman die; webgunearen garapenerako eta proiektua zabaltzeko lanaren bigarren fasean "ezinbesteko bultzada" izan da hori ere. 

Lantaldearen antolaketa aldetik, berriz, zereginak banatzea eta kide bakoitzak bere eginbeharrekoa zehatz mehatz hartzea izan da arrakastaren gakoa, hala nabarmendu dute elkarrizketatuek. Ihitten taldekide gehiagok osatzen badute ere, aipatu proiektua lau taldekideren ahaleginari esker atera da aurrera. Idoia Garzes da horietako bat. Batez ere gidoiak prestatzeaz, elkarrizketak bideratzeaz eta testigantza eman duten pertsonekin aurrez aurreko harreman "goxo zein konfiantzazkoa" eraikitzeaz arduratu da. Berarekin batera, Isa Fernandez de Agirre ere aritu da. Grabazio teknikoaz arduratu da bera, hau da, bideoak grabatu eta ondoren pieza guztiak muntaia prozesuan editatu eta txukun jartzeko lanak egin ditu. Idoia Telleriak ere parte hartu du proiektuan. Ekoizpen orokorreko kudeatzailea izan da; pertsona guztien agendak ezkon zitezen lan egin du, baita grabazio saioak antolatu ere. Horrez gain, lokalak zein baimenak lortzea ere bere ardura izan da. Laugarren eta azken partaidea da Uxune Iparragirre. Diseinu grafikoaz arduratu da bera, argazkigintzaz eta webgunearen itxura estetiko osoaz, eta atariak beharra duen txukuntasun eta erakargarritasuna bermatu du. 

 

Testigantza intimoak, adituenak eta egoera antzeztuak

Azken emaitza lortzeko egin behar izan duten bidea ez da laburra izan, ezta erraza ere. Denboran luzatu egin da prozesua, erraztasun teknikoen azpian "giza mailako zailtasunak" sortu direlako. Horren gainean, honako adierazpenak egin dituzte Garzesek eta Fernandez de Agirrek: "Bullyingari buruz hitz egiteak barruak mugitzen ditu, eta testigantza errealak eman nahi zituzten pertsonak topatzea izan da atalik korapilatsuena". Gaineratu dute gaia "delikatua" izateaz gain, "beldurgarria" ere gerta daitekeela pertsona batentzat kamera aurrean jarri eta inoiz jasandako minak edo eragindako kalteak publikoki azaltzea.

Sortutako ikus-entzunezko material osoa hiru zutabe nagusitan egituratu dute. Hezkuntzan, psikologian eta bizikidetzan adituak diren lau profesionalen lekukotzak topa daitezke horietako batean; jazarpenaren definizioak, prebentzio tresnak, baliabideak eta ikuspegi teoriko zein praktikoak jaso dituzte bertan. Horiek biltzea lan "erraza eta erosoa" izan da Garzesen eta Fernandez de Agirreren arabera: "Adituek oso garbi daukate diskurtsoa eta beren eremutik errazago hitz egiten dute kamara aurrean". 

"Biluzte ariketa intimoagoa" egin dute, ordea, jazarpenaren gaineko euren bizipenak lehen pertsonan eman dituzten bost lagunek; lehen pertsonan eman dute lekukotza horiek guztiek. Boskote horretatik hiru jazarriak izateaz mintzatu dira; horietako batek, gainera, denborarekin atzera begiratzean bere garaian jazarle ere izan zela aitortzeko "ausardia eta zintzotasuna" erakutsi duela kontatu dute elkarrizketatuek. Jazarpen prozesu baten "kanpoko lekuko edo testigu" izan den laugarrena baten kontakizuna ere jaso dute; ikusle isilaren rol horrek zein pisu duen azaltzeko baliatu dute kasu hori. Azkenik, ama baten ahotsa ere bildu dute. Etxean bullyinga nola bizi daitekeen erakusten du lekukotza horrek, baita gisa horretako egoeren aurrean gurasoen ezinegon eta bestelako sentimenduak zeintzuk izan daitezkeen ere. 

Jazarpena, ordea, ez da beti eraso fisiko edo bortitz bat; maiz eguneroko keinu txikietan, txantxa krudeletan edo isolamendu sozial pasiboan hasten da. Horiek, askotan, ikusgaitz bilakatzen dira, ordea, eta hain zuzen ere ikusgarri egiteko, Lasarte-Oriako Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako aktore gazteekin batera bederatzi egoera antzeztu ere grabatu ditu Ihittenek. "Bizipen errealetan oinarritutako sekuentziak" direla azaldu dute Garzesek eta Fernandez de Agirrek: "Egoera jakin batzuen aurrean bakoitzak zer rol jokatzen duen erakusten dute bideo horiek: erasotzailearena, biktimarena, barre egiten duen laguntzailearena edo egoeraren jakitun izanagatik, ezer esaten ez duenarena".

Horren guztiaren harira, Ihitteneko kideentzat grabazio prozesu guztia "izugarrizko esperientzia aberasgarria eta gizatasunez betea" izan da. Behin eta berriz azpimarratu dute, elkarrizketatu bakoitzak euren aurrean egindako "biluzte ariketa eta eskainitako konfiantza" sekulakoa izan dela, eta hori hala izateak eragin duela taldearen barne hausnarketa piztea: "Eskolara joaten gineneko garaietara atzera begiratzea eragin digu, norbere rola zein izan zen gogoratzea. Opari handia izan da lan hau egitea". 

Web ataria

Ekoitzitako ikus-entzunezko material horiek guztia www.bullyingarigalga.eus atarian batu ditu Ihittenek. Hala ere, hori ez da edonork edonoiz ikusteko irekia dagoen plataforma arrunt bat. Edukien izaera intimoa dela-eta, eta euren testigantzak emanaz proiektuan parte hartu duten pertsonen pribatutasuna babesteko helburuarekin, webguneak babestutako atalak dauzka. Hori horrela, materiala erabili nahi duen orok eskaera zehatz bat egin beharko du webgunearen bidez. Aipatu elkarteko lagunek pasahitza kudeatuko dute erabilera zuzen hori bermatzeko.

Webgunearen erabilera nori zuzenduta dagoen ere zehaztu dute sortzaileek: "Eskariak egiteko aukera haur zein gazteekin lan egiten duten entitate, erakunde eta eragileei irekita dago. Hor sartzen dira ikastetxeak, ikastolak, prebentzio taldeak, kirol elkarteak, aisialdi taldeak eta guraso elkarteak. Fokua gehienetan ikastetxera bideratzen bada ere, jazarpena gazteak murgiltzen diren edozein eremutan gertatu daiteke, eta horregatik eragile horiei guztiei ere zabaldu nahi diegu ataria erabiltzeko aukera". 

Zehaztapen horiek ematearekin batera, argi utzi dute ez dela norbanakoei edo gurasoei zuzendutako tresna bat. Hori hala izatearen zergatiak ere jakinarazi dituzte: "Alde batetik, uste dugu edukien pribatutasuna ezin dela ziurtatu norbanako baten eskutan gelditzen denean, eta, bestetik, material hori ez da guraso batek etxean erabili eta magia eginez arazoa konponduko duen "makilatxo magiko" bat. Prebentzioa eta esku hartzea hezitzaile eta talde baten babesean egin beharreko lan kolektiboa da". 

Aurkezpen ofiziala, Arrasaten

Urtebetez baino gehiagoz luzatu den "erditze" gogorraren ondoren, egitasmoak badu dagoeneko hedapen data eta tokia. Proiektuaren aurkezpen ofiziala datorren hilean, urriaren 20an egingo da, Arrasateko Kulturate zentroan, 18:00etan. Fagor Herrigintzak finantzatutako egitasmoa izanik, Debagoienean erakutsi nahi dute lehen aldiz egindako lanaren emaitza. Eskualdeko hezkuntza zein gizarte eragile ugarirekin batera aurrera eramango dute hitzordi hori, eta mahai ingurua eta solasaldia antolatuko dituztela iragarri dute sortzaile elkarrizketatuek. Bertan egongo dira eurak, eta eurekin batera baita jazarpena nozitu eta proiektua aurrera eramateko bere testigantza eman duen lekukoetako bat ere. Gaian aditua den profesional bat ere ariko da solasaldian; hezkuntza komunitateari erraminta horren funtzionamendua eta balioa erakusteko xedez jardungo da. Hori horrela, herritarrak bertaratzea nahi dute Ihitteneko kideek; sarrera librea, doakoa dela jakinarazi dute. 

Bien bitartean, hezkuntza zentroetara mezuak bidaltzen hasi dira dagoeneko Ihitten elkarteko lagunak, Ikastolen Elkartearen zein Hik Hasiko baliabideen bidez, ikasturte hasieran hezitzaileek materiala euren plangintzetan txertatu ahal izan dezaten. Horri dagokionez, gainera, Garzesek eta Fernandez de Agirrek adierazi dute erantzuna "berehalakoa" izaten ari dela: "Hainbat tutore eta ikastetxe hasi dira dagoeneko pasahitzak eskatzen eta materiala aztertzen".