Kadete Errendimendu Urreko talde berritua aurkezten du aurten Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria

Kadete Errendimendu Urrea Antigua Luberriren aurka, aurreko denboraldian.

Kadete Errendimendu Urrea mailako Ostadar SKTk atzerako kontaketa hasi du. Aldapeta Maria Ikastetxea taldearen aurka jokatuko du ligako lehen jardunaldia hilaren 12an. Abendura arte iraungo duen lehen fasean, Euskal Ligarako igoera izango dute jokoan. Berrikuntza ugari aurkezten ditu aurtengo Kadete Errendimendu Urrea taldeak eta iaz maila horretako ordezkariak igoera lortu bazuen ere, aurten helburua bestelakoa izango da, maila mantentzea

Aimar Lopez eta Aroia Zamora izango dira aurten lema eramango dutenak. Aurreko denboraldian biek infantil mailako ekipoa zuzentzen zuten eta erronka ilusioz eta beldurrez hartu dute. "Maila berriko araudira moldatu behar gara oraindik. Baina sailaren babes osoa eta laguntza dugu", azaldu du Lopezek.

Jokalari taldeari dagokionez, kideen gehiengoa iaz kadete mailan lehiatu arren, kategoria horretako txapelketa ezberdinetan lehiatu zirela ohartarazi du Lopez entrenatzaileak: "Multzoa berria da praktikoki. Aurreko denboraldian Euskal Ligan jokatu zen jokalari bakarra dugu, lau kadete partaidetza A1ean izan ziren eta beste bi maila horrelako A5ean. Infantil Errendimendu Urrezko jokalariak batzen zaizkie horiei".

Ezin jokatu

Talde urdin-beltzak abuztuaren 18an hasi zuen denboraldiaurrea. Lehen asteetako saioak elkar ezagutzera, multzoa osatzera eta lan fisiko egitera bideratu zituen prestatzaileak eta azkenetan, aldiz, lehiaketari begirako lan taktikoa egin dute: "Lehen neurketan, behintzat, arau zehaztu batzuk izan ditzaten".

Lopezek denboraldi hasieran nahiko justu ibiliko direla uste du. Aste hauetan guztietan ezin izan du multzo osoa eduki eta, gainera, Errendimendu Urreko jokalariek ezin izan dute denboraldiaurrean ikasitakoa zelaian praktikan jarri. Hilaren 5ean jokatu behar zuten Atletico San Sebastian-en aurkako lagunarteko bertan behera geratu zen. Baina jokalari guztiak Errendimendu Urrean jokatzeko gai direla ere azpimarratu du: "Guztiek dute nahikoa kalitate dauden lekuan egoteko, baina ikusiko dugu txapelketaren maila". 

Hilaren 13an, izango dute lehen hitzordua. Aldapeta Maria Ikastetxeari egin beharko diote aurre kadeteek eta kategoria berriren nondik norakoak argitzen hastea espero du Ostadarrek prestatzaileak: "Mailan berria naiz eta ez ditut aurkariak ezagutzen; ez dakit zer gertatuko den. Baina nire esperientzia kontuan izanik, lehen partidak kaotikoak izaten dira eta huts gutxien egiten duenak irabazi ohi ditu. Espero dut hori gu izatea".

Mantentzea

Kategoria honetako denboraldia bitan banatzen da. Lehenik, aipatu Euskal Ligarako igoera. Irailetik abendura, joan eta etorriko liga bat jokatuko dute, guztira, hamalau jardunaldi. Lehen sailkatuak zuzenean lortuko du txartela; 2. eta 5. postu artean geratzen diren taldeek beste txartel bat eskuratzeko aukera izango dute urtarrilean lehiatuko den igoerako fase finalean. Horretako azken bi sailkatuek, aldiz, Errendimendu Zilar mailara egiten dute beherako jauzia. Eta igoera lortu ezean, bigarren zatian, Gipuzkoako txapelketa lehiatuko dute.

Iaz kadete taldeak Euskadi mailara jauzi egin bazuen ere, aurten zaila izango dela argi du Lopezek: "Ez da talde bera. Beraz, helburua ezin da berdina izan. Xedea plaza mantentzea izan behar du. Niri, ordea, goiko postuetan egotea gustatuko litzaidake eta igoera jokatzea lortzen badugu, harro egotekoa izango da".

Euskal Ligan, borrokan

Kadete Errendimendu Urrea kategoriako ordezkariaz gain, aurten saileko berrikuntzetako bat den Euskal Liga Junior taldea ere hasiko da lehian. 

Talde honek Kadete Euskal Liga jokatzen amaitu zuen aurreko denboraldia eta mailaz igo da aurten. Gernikaren aurka hasiko du abentura berria eta Bizkaiara bidaiatu beharko dute horretarako.