Aurretik, hilaren 3tik 5era lehiatu zen Parisko Olinpiar jokoetako kanalean.
Lasarte-Oriako kirolariak K1 kategoriarekin eman zion hasiera lehiari, hilaren 3an. Kanporaketan ez zuen marka onik egiterik izan eta ate batean egindako hutsak gainera 2 puntu gehitu zizkion; 24. postuan amaitu zuen eguna finalerako txartela ematen zuen 12. postutik urrun.
Hilaren 5ean lehiatutako Kayak kroseko erlojupeko saioan ere ez zuen zorterik izan. Ate batean arazoak izan eta ezin izan zuen lauko lehietarako sailkapena eskuratu.
Etxean lehian
Gaurtik 13ra, aldiz, La Seu D'Urgelleko kanala (Katalunia) Munduko kopako azken lehiaren testigu da. Modalitate ezberdinetako garaileak erabakiko dira txapelketako finalean.
Herriko palista K1 eta kayak krosean ariko da ederki ezagutzen duen eremuan; urtetan bere entrenamendu lekua zen Lleidako instalazioa.
Eta lehiaketa hasi da. Gaur, bertan, kayak kroseko banakako erlojupekoan parte hartu du Chourrautek. Arazorik gabeko jaitsiera egin eta zortzigarren postuan amaitu du (53.22); hilaren 13ko lauko lehietarako ere sailkatu zen.
Bihar, hilaren 11n, K1eko lehia izango du; sailkapen probari egingo dio aurre goizean eta txartela lortuz gero, finalerdiak eta finala jokatuko ditu arratsaldean.