18:30ak jo aurretik hasi dira Erketz EDT taldeko dantzariak eta musikariak Adarra kalera iristen. Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxeko kideek martxan jarri dituzte bozgorailuak eta Takolo, Pirritx eta Porrotx sudurgorrien zenbait abesti jarri dituzte bata bestearen ondotik. Kantatzen ez duenak, zorionik ez du! dio horietako batek, Bizitza kantu bat da izenekoak. Hori jaramon eginda, kantatu bakarrik ez, dantzatu ere gogotik egin dute.
Ikasturteari sasoi betean ekin diotela erakutsi dute Erketzekoek; bai dantzariek, bai musikariek. Aurreskuarekin hasi eta beste lauzpabost koreografia erakutsita, merezitako txaloak jaso dituzte bukatu dutenean. Handik gutxira atera dira Extremadurako etxeko danbor jotzaileak eta lurralde horretako ereserkia jo dute aurrena. Jarraian, Lasarteko ereserkia pieza interpretatu dute, Diego Egizabal dantzariarekin batera. Donostiako Martxa izan da hurrengoa eta, amaitzeko, berriz ere Extremadurako ereserkia jo dute, orduko horretan elkarteko kideek autonomia erkidego horretako, Euskal Herriko eta elkarteko banderak egoitza atarian jarri eta gero.
Emanaldi hori euritan egin dute danbor jotzaileek. Bazirudien ordutik aurrerakoa zapuztuko zuela urak baina ez da horrela izan: Extremadurako jantzi tradizionalak jantzi eta ateri burutu ahal izan dute dantzaldia, nola ez, parean zituzten herritarren txalo artean. Egoitzara sartu eta mokadutxoa jan aurretik, gaurkoan dantzari izan diren guztiek talde argazkia atera dute eta orduan bai, merezitako afari-merienda egin dute.