III. Mendi Lasterketa-Juanlu Oroimenezko probarako guztia prest

Txintxarri Aldizkaria

LOTMEko kideak eta Goizalde Pildain kirol zinegotzia, aurkezpenean.

Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak (LOTME) III. Mendi Lasterketa-Juanlu Oroimenezkoa aurkeztu zuen, atzo, hilaren 7an, Goizalde Pildain Kirol zinegotziaren laguntzaz. "Maitasun osoa jartzen diogun proba bat da, guretzat berezia delako," azpimarratu zuen Javi Olazagoitia taldeko arduradunak

Antolatzaileek gogoratu modura, bi urtetan behin egiten den proba da. "Urte batean Mendi festa egiten dugu eta bestean, Mendi lasterketa. Jendea galdezka dugu ea noiz egingo dugun festa; aurten  lasterketaren txanda da; elkarteko kide eta lagun genuen Joanluren omenez egiten dugun bigarrena", adierazi zuen.

Aurreko lasterketen antzera, Buruntzako tontorrera 14,5 kilometroko ibilbidea egin behar dute parte hartzaileek. Eta datorren edizioari begira dena prest dutela azaldu zuten antolakuntzako kideek. Horren barruan, azken asteotan mendia garbitzen lan eskerga egin dutela azpimarratu zuten: "Mendia egoera txarrean zegoen eta 100 ordu baino gehiago sartu ditugu hiru pertsonaren artean bideak garbitzen eta txukuntzen".

Garaikur eta sariak

Sariei dagokionez, berrikuntzak izango dituzte. Aurten lehenengoz lehiakide adinduenari oroigarria banatuko zaio eta lasterketako errekorra gainditzen duenak 200 euro jasoko ditu. Marka gainditu ezean, hurrengo ediziorako kopurua metatuko litzatekeela azaldu zuten, hau da, 300 euroko saria egongo litzateke.

Horrez gain, kategoria maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek LOTME kide eta egurrezko tailan "artista" den Julio Alonsok egindako garaikurrak jasoko dituzte 100, 50 eta 25 euroko sari ekonomikoarekin batera.

Udalaren laguntza

Egoera ekonomiko dela eta, babesle garrantzitsu batzuek atzera egin dutela azaldu zuten antolatzaileek, baita gainerako babesle eta Udalaren laguntzaz aurrera egitea erabaki zutela ere.

Goizalde Pildain Kirol zinegotziak udalaren bere babes osoa adierazi eta elkartearen lana goraipatu zuen: "Eskerrak eman nahi nizkizueke guztioi, horrelako jardunaldi edo jarduera bat egiteak lan handia eskatzen duelako". 

Era berean, datorren urtean erakunde publikoaren zein antolatzaileen arteko elkarlana indartzeko asmoa ere agertu zuen.

Erritmo bikaina

Izen emateari dagokionez, pozik agertu ziren LOTMEko kideak eta eguraldiaren arabera, 250-270 korrikalariren bueltan egongo direla aurreikusten dutela aipatu zuten: "Duela bi urteko 180 korrikalarien muga ia gaindituta dago. Azken asteetan jende askok ematen du izena eta eguraldiaren arabera 250 eta 270 parte hartzaile artean izatea espero dugu".

Eta oraindik parte hartzera animatu ez denari azken deialdi bat egiten zioten. Hilaren 25era arte, izango dute inskripzioa irekia LOTMEko webgunean.