Eguraldia goibela bazen ere, atzo goizean, Kontxako banderako lehen saioak arraunlariz zein zaletuez bete zuen Donostiako portua. Lehen ordutik traineru ezberdinetako elastikoak ikusi hala izan ziren hiriburuan eta kolorez bere zuten hiriko erdigunea.
Tolosaldea AK, Hibaika Jamones Ancin, Donostiarra Nortindal eta Zarautz Gesalaga Okelan izan ziren lehenak lehiatzen. Lehen luzean borroka ederra izan zen lehen hiruen artean; ziaboga bi segundoko tartearekin egin zuten. Badiara itzultzean, ordea, Tolosaldeak alde txikia ireki zuen eta ongi eutsi zion helmugara arte, 10.58,86. Hiru segundora, Hibaika eta Donostiarra sartu ziren, hurrenez hurren eta euren artean ehuneko batzuen aldea besterik ez zen izan.

Gauzek horrela, hurrengo astean Ohorezko txandan egoteko Tolosaldearen denbora gainditu behar zutela jakinda egin zioten aurre Astillero Eneryt Servicios, Donostia Arraun Lagunak, San Juan CMOS Valves eta Orio Orialki ontziek probari.
Aiora Belartieta kide duen eskifaiak ez zuen huts egin. Hasieratik buru jarri eta ziabogara sei segundoko errentarekin iritsi zen Donostia Arraun Lagunak. Bigarren luzean, Lugañene-ko kideek erritmoa jaitsi zuten eta hala ere, aldea handitzen joan ziren. Helmugan 10.49,68-ko denbora egin eta garaile izan ziren. Txandako bigarren izan zen San Juan ia 11 segundora iritsi zen eta sailkapen orokorrean, aldiz, hirugarren Tolosaldearen atzetik.
Kontxako Banderako lehen asteburuko emaitzak:
- Donostia Arraun Lagunak 10.49,68
- Tolosaldea Arraun Kluba 10.58,86
- San Juan CMOS Valves 11.00,22
- Astillero Eneryt Servicios 11.00,42
- Hibaika Jamones Ancin 11.02,00
- Nortindal Donostiarra 11.02,94
- Zarautz Gesalaga Okelan 11.07,76
- Orio Orialki 11.08,14
Bigarren saioa
Gauzak horrela, hilaren 13an, Ohorezko txandan, nor baino nor izango dira Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea AK, San Juan CMOS Valves eta Astillero Eneryt Servicios.
Lugañene-ko kideek hainbat komunikabideri azaldu moduan, atzoko emaitza bandera eskuratzeko pauso garrantzitsua da, baina bigarren jardunaldia jokatzeke dago eta edozer gerta liteke.
Lehen txandan ere borroka polita espero da. Arruti kide duen Bantxak, Hibaika Jamones Ancin, Zarautz Gesalaga Okelan eta Orio Orialki izango ditu aurkari.