Inurritegiarekin bat egin dute herritar ugarik

Txintxarri Aldizkaria

Bizitza gogotik ospatu dute Usurbilgo III. Inurri Egunera bertaratu diren ehunka pertsonek; lasarteoriatarrak izan dira horietako asko. Minbiziaren akonpainamendua eta dibulgazioa ikuspegi feminista eta kolektibotik gauzatzen duten Izan Inurri elkarteko kideak pozarren daude ekimenak izandako harrerarekin.

Batukada feministaren emanaldia, tailerrak, hitzaldia, denda solidarioa, bazkaria, bazkalosteko bertso saioak, kontzertuak eta, batez ere, elkartasuna izan ziren larunbateko ospakizun ekitaldiko osagaiak. Herritar ugari bertaratu ziren Usurbilera eta ekimenetako partaide zein ikus-entzule gisa egun ederra igaro zuten guztiek. 

Julene Ilarramendi eta Miren Cuerdo lasarteoriatarrek eratu zuten Izan Inurri elkartea 2019. urtean eta geroztik sekulako bidea urratu dute minbiziaren akonpainamenduan eta dibulgazioan, ikuspegi feminista eta kolektibotik. Inurri gero eta gehiagoren laguntza dute zeregin horretan.

Usurbilgo Noaua herri aldizkarian ikus ditzakezue argazki eta bideo guztiak.