Emakumeen Etxeko ikastaroetan izena emateko epea ireki dute

Txintxarri Aldizkaria

Udazken-negurako prestatutako programazioaren berri eman dute udal ordezkariek: 30 ikastaro proposamen eta laguntza zerbitzu baino gehiago prestatu dituzte. Programazio berria filosofia honekin ondu dute: "Berdintasuna, ahalduntze indibidual zein kolektiboa eta emakumeen arteko sareen sorrera sustatzen dituen leku ireki, plural eta parte hartzailea izatea, errealitatea ikuspegi kritiko eta feministatik aztertzeko tresnak emanda herritarrei". Ordainpekoak diren kurtsoetan aurrez izena eman beharko dute interesa dutenek hilaren 15a baino lehen. Doako jardueretan, berriz, 25era arteko epea dute.

Garrantzi handiko baliabidea da Emakumeen Etxea agerraldian parte hartu duten udal ordezkarientzat: Agustin Valdivia alkatea, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo eta eraikin horretako teknikari Maite Iglesias arduratu dira udazken-negurako ekimenen berri emateaz. Horren aurretik, ordea, asmo orokorren gainean jardun dira. "Eraikin bat baino askoz gehiago da Emakumeen Etxea; errealitatea ikuspegi kritiko, feminista eta dekolonialetik aztertzeko espazio bizia da", nabarmendu du Valdiviak. "Udalerriko emakume askoren benetako beharrei erantzuten dien udal baliabidea da".

Ildo horretatik, Acevedok adierazi du "estrategia zein aliantza feministak hausnartu, eztabaidatu, ikasi, sortu eta indartzen" jarraitu nahi dutela topagune "ireki, askotariko eta kultura anitzeko" horretan. Hori gauzatzeko "elkartzeko eta ikasteko espazio seguruak ematen jarraitzea" dela gehitu du Iglesiasek: "Era berean, emakumeei bizitzako une desberdinetan laguntzen dieten zerbitzu espezializatuak indartuko ditugu". 

Programazio "zabal eta anitza"

Jabetza Eskolaren eta ohiko saioen barruan 21 jarduera eskainiko dituzte udazken-neguan: amatasun feministak, mindfulness eta emozioen kudeaketa, gorputz adierazpena eta ahalduntzea, etxeko konponketa tailerrak... Horietan matrikulatzeko azken eguna hilaren 25a izango da, ostirala. 

Ordainpeko beste zortzi ikastaro prestatu dituzte: hipopresiboak, yoga, tai jia, sorkuntza laborategia eta inprobisazio zein antzerki sorkuntza nabarmendu dituzte udal ordezkariek. Hauetan aritu nahi duten herritarrek aurrematrikula egin beharko dute hilaren 15a baino lehen eta, onartuak badira, 21etik 25era matrikulatu dira. Kurtsoren batean toki baino eskaera gehiago jasoz gero, 28an egingo dute zozketa. "Partaide askok honakoa galdetzen digutenez, argitu egingo dugu: prezioak ikastaroen epe osokoak dira, ez hilerokoak edo beste maiztasunen batekoak".

Doako ala ordainpeko ikastaroak izan, izena emateko tramiteak sarean egin beharko dituzte interesa dutenek. Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formularioa bete beharko dute, edo, bestela, Emakumeen Etxera bertaratu eta bertan matrikulatu. Edonori laguntzeko prest egongo dira bertako langileak 09:00etatik 17:00etara, astelehenetik ostiralera. 

Emakumeen Etxeko ataria.

Jarduera horiek guztiak osatuko dituzte aholkularitza juridiko, psikologiko eta sexualeko zerbitzu iraunkorrek, baita emakume zaintzaileei zuzendutako jabetza taldeek eta Empalabramiento programak ere. Azken horiek "emakumeak banaka nahiz taldeka ahalduntzeko eta herritar gisa dituzten eskubideez zein gaitasunez jabetzeko gaztelaniazko eskolak" direla gogorarazi du Acevedok. "Gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak errazten lagunduko die erabiltzaileei". 

Doako ikastaroak
'Mindfulness'-a eta emozioen kudeaketa (euskaraz, astelehenetan 15:00etatik 16:30era)
'Mindfulness'-a eta emozioen kudeaketa (euskaraz, astelehenetan 18:30etik 20:00etara)
'Mindfulness'-a eta emozioen kudeaketa (gaztelaniaz, astelehenetan 16:45etik 18:15era)
Ongizaterako autolaguntza (gaztelaniaz)
Amatasun feministak (euskaraz)
Gorputzaren mugimendua eta adierazpen psiko-korporala (gaztelaniaz)
Gizaki garenetik lurra lantzen (gaztelaniaz)
Ongi zahartu: autozaintza aktiboa eta osasungarria (gaztelaniaz)
Autodefentsa feminista 12 eta 17 urte artekoentzat (euskaraz, azaroaren 6an eta 20an 16:00etatik 19:00etara)
Autodefentsa feminista 18 urtetik gorakoentzat (euskaraz, azaroaren 14an eta 28an 10:00etatik 14:00etara)
Coaching feminista: ezagutu, onartu eta zaindu zure burua
Nik ere erreparatzen dut: etxeko konponketak egiten ikasteko tailerra (gaztelaniaz)
Barrez malkotan
Gorputza entzuten eta artatzen ikastea
Berdintasun puntadak (gaztelaniaz)
Berditasunean sortzen: bitxigintza (gaztelaniaz)
Kantuaren bidez saretzea (gaztelaniaz)
Batuka feminista (gaztelaniaz, ostegunetan 11:15etik 12:00etara)
Batuka feminista (gaztelaniaz, ostegunetan 11:15etik 12:00etara)
Ordainpeko ikastaroak
Ikastaroa Prezioa (ikastaro osoarena) 
Hipopresiboak (gaztelaniaz, astearteetan 17:30etik 18:30era) 44,55€
Hipopresiboak (gaztelaniaz, ostegunetan 16:15etik 17:15era) 44,55€
Yoga (gaztelaniaz, astearteetan 10:00etatik 11:30era) 38,25€
Yoga (gaztelaniaz, ostegunetan 09:15etik 10:45era kultur etxean) 38,25€
Tai ji (gaztelaniaz, asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara) 21,98€
Tai ji (gaztelaniaz, asteazkenetan 18:00etatik 19:00etara) 21,98€
Sormen laborategia (gaztelaniaz) 51€
Inprobisaziotik, antzerki sormenera 51€