Nortindal Donostiarra ere Kontxako Banderan lehiatuko da

Txintxarri Aldizkaria

Nortindal Donostiarrako kideak, Kontxako badian entrenamendu saio batean. Arg.: Donostiarra AE

Donostia Arraun Lagunak baditu aurkariak. Atzo, hilaren 3an, arratsaldean Kontxako Banderako sailkapen saioa jokatu zen. Enara Arruti herritarra kide duen Nortindal Donostiarra ontziak seigarren denbora onena egin eta lehia handirako txartela eskuratu du. Ondorioz, bi herritar izango ditugu nor baino nor hilaren 6an eta 13an garaikurrarengatik borrokan

Hilaren 6an, Kontxako banderako lehen jardunaldia jokatuko da. Zortzi ontzi izango dira lehian. Horien artean, Aiora Belartieta eta Enara Arruti herritarren eskifaiak.

Sailkapen proba jokatu zen atzo Kontxako badian. Hemeretzi talde jokoan zeuden zazpi plazarengatik borrokatu ziren erlojupeko modura. Minuturo bat atera zen eta Enara Arruti kide duen Donostiarra Nortindal bigarrena izan zen arraunean. Hibaika Jamones Ancin eskifaia izan zuten aurretik eta Errenteriako taldearen denborak izan zituzten erreferentzia modura. Helmugan 11.04,90 egin eta zain egotea besterik ez zuen izan Arrutiren Bantxa-k. 

Euren multzoko San Juan CMO Valves, Astillero Eneryt Servicios, Tolosaldea AK, Orio Orialki eta Hibaika Jamones Ancin euren marka gainditu arren, gainerakoek ezin izan zuten eta Nortindal Donostiarrak sailkapena esluratu zuen seigarren denbora onenarekin. Aipatu taldeez gain, Zarautz Gesalaga Okelan ere izango da lehian. Ikus beheko koadroko denborak.

Hilaren 6ko txanden zozketa ere atzo egin zenez, Donostia Arraun Lagunak-ek eta Aiora Belartieta herritarrak badakite euren aurkariak zeintzuk izango diren eta ez da Lasarte-Oriako kirolarien lehia zuzena izango. Lehen txandan Tolosaldea AK, Hibaika Jamones Ancin, Donostiarra Nortindal eta Zarautz Gesalaga Okelan izango dira; bigarren txandan, aldiz, Astillero, Donostia Arraun Lagunak, San Juan CMOS Valves eta Orio Orialki.

Sailkapena:

Postua / Taldea Denbora
1 SAN JUAN CMO VALVES 10.57,06
2 ASTILLERO ENERYT SERVICIOS 11.00,88
3 TOLOSALDEA AK 11.00,92
4 ORIO ORIALKI 11.01,02
5 HIBAIKA JAMONES ANCIN 11.02,46
6 DONOSTIARRA NORTINDAL 11.04,90
7 ZARAUTZ GESALAGA OKELAN 11.06,66
8 HONDARRIBIA BERTAKO IGOGAILUAK 11.11,22
9 RED ELECTRICA KAIKU 11.21,64
10 CR SALGADO PERILLO 11.21,76
11 SD TIRAN PEREIRA 11.22,18
12 ZUMAIA DELTECO 11.23,28
13 ONDARROA CIKAUTXO 11:29.08
14 ISUNTZA ELECNOR CIKAUTXO 11:29.34
15 CR CHAPELA WOFCO 11:37.80
16 AMEGROVE CR 11:49.10
17 DEUSTO TECUNI BILBAO 12.00,46
18 AD ESTEIRANA 12.22,70
19 CM CASTROPOL 12.29,10