ESKUALDEA

Bizitza ospatzeko eguna izango dute inurriek bihar Usurbilen

Txintxarri Aldizkaria

Miren Cuerdo eta Julene Illarramendi, manifestu bat irakurtzen, iazko Inurri Egunean.

Minbiziaren akonpainamendu eta dibulgazioan ikuspegi feminista batetik eta kolektiboki dihardute Izan Inurri elkarteko kideek. Duela zazpi urte abiatu zuten egitasmoa Julene Ilarramendi eta Miren Cuerdo herritarrek eta, geroztik, milaka abentura bizi izan dituzte eta gero eta kide gehiago dituen inurritegia hedatu dute lau haizetara. Orain arte egindako bidea eta bizitza bera ospatze aldera, III. Inurri Eguna aurrera eramango dute bihar Usurbilen, hilak 5, goizetik hasi eta iluntzera arte. Eragileak udalerri horretan du egoitza.

Egitaraua

  • 09:30etik 11:30era, frontoian, gorputza iratzartzeko saioa: Olatz Berasategik gidatutako mugikortasun saioa eta Ore Ama okindegiak eta Txalaka zein Tolosa jatetxeek prestatutako gosaria.
  • 11:30etik 13:30era, Potxoenean, tailerrak: buztingintza, bitxiginta eta makramea.
  • 11:30etik 13:00etara, Sutegi aretoan, Gorputzaren bizipena eta gorputz gaixoa mahai ingurua, gaztelaniaz. Mer Gomez, Marina Garcia Canedo eta Mijo XXX izango dira hizlariak. Maider Galardi kazetari lasarteoriatarrak moderatuko du solasaldia.
  • 14:30ean, Usurbilgo frontoian, bazkaria. Ostean, bertso saioa.
  • 18:00etatik aurrera, Usurbilgo frontoian, kontzertuak: Janus Lester, Chica Sobresalto, Elektropottotte, Mugan eta DJ Fifi ta Fefa.

Biharko sarrerak Inurri elkartearen webgunean eros ditzakete bertaratu nahi dutenek.