Donostia Arraun Lagunak-ek balentria ederra egin zuen Euskotren Ligan; jokoan zeuden hamasei banderetatik hamabost eskuratu zituen Aiora Belartieta herritarraren ontziak —Donostia Fabrika bandera ez zen jokatu—, estropada guztiak lehen postuan amaitu eta bosgarrenez Euskotren Ligako garaikurra Lugañene baserrira eraman zuen.
Ongi borrokatu zen Belartietaren taldea denboraldian zehar. Hasierako estropadetan Tolosaldea Arraun Klubarekin estu ibili bazen ere, lehiaketak aurrera egin ahala bere nagusitasuna erakutsi zuten Donostiako ontziak. Gauzak horrela, liga amaitzeko hiru jardunaldi falta zirela, matematikoki garaile izateko puntuak eskuratu zituen Donostia Arraun Lagunakek Pasaia Donibanen.
Eta txapeldun izan arren, azken banderara arte lehia mantendu zuen Lugañene-k. Zarauzko ikurriñarekin batera jaso zuen eskifaiak ligako garaikurra.
Azken postutik ihesi
Enara Arruti kide duen Nortindal Donostiarra eskifaiak, aldiz, zazpigarren postuan amaitu du lehia.
Abuztuan sartu baino lehen Donostiarra azken postuan zen eta emaitzei esker, Zumaiarekin zuen aldea txikitzen joan zen.
Azken txanpako hitzorduetan Bantxa-k bere onena eman eta aurkari zuzenak baino emaitza hobeagoak izan zituen. Esate baterako, bigarren txandako irabazle izan zen Santurtzi, Lekeitio (Bizkaia) eta Zarautzen. Denboraldiko azken proba horretako bigarren saioan, gainera, sailkapeneko hirugarren izan zen.
Pixkanaka puntuak gehituz Zumaia gainditu eta errenta handitu zuen. Era honetara, azken postua eta jaitsiera zuzena ekidin zuen Donostiako eskifaiak.
Baina maila mantentzeko lehiatu beharko da. Hilaren 19an, Bermeon eta 20an, Portugaleten (Bizkaia) jokoan izango dira hurrengo denboraldiko Euskotren Ligako bi postu. ETE Ligako Hondarribia Bertako Igogailuak eta Zarautz Gesalaga Okelan zein Galiziako ligako ordezkari Tiran izango ditu aurkari.

Kontxako bandera
Liga amaituta, Kontxako Bandera borrokatzeko prest daude traineruak. Hilaren 6an eta 13an, lehia bizia izango da Donostiako badiako uretan eta Ligako emaitzaren ostean, Donostia Arraun Lagunak da faboritoa emakumeezkoen mailan.
|
Belartietaren ontzia zuzenean sailkatu da ligako irabazle moduan; gainerako aurkariek lehiaketako bi igandeetan parte hartu ahal izateko gaur, hilaren 3an, 18:00etan sailkapen probari aurre egin behar diote. Horien artean, Arrutiren Nortindal Donostiarra. Erlojupeko modura jokatutako da saioa eta A taldean izango da nor baino nor herritarra kide duen eskifaia. Aurkari gogorrak izango ditu, horien artean, Ligako gainerako taldeak. Dagoeneko zozkatu da irteera ordena eta bigarren aterako da uretara Bantxa. Kartela herritarrek egina Uretan ez ezik, lurrean ere herritarrak izan dira protagonista. Abuztuaren 28an, Kontxako Banderako aurkezpenean jakinarazi zuten aurtengo edizioko afixa; Beñat Elizalde herritarrak egin du eta Ione Zabala izan du lagun proiektuan. Zabalaren zuri beltzeko ilustrazio "errealista eta gizatiar" baten bidez, "begiradak eta keinuak hain berezia den kirol erronka honetan bizi diren tentsioaren, ilusioaren, pozaren eta pasioaren isla" gorpuztu du irudian. |
|
