Emakumezkoen futbolari estuki lotutako ibilbide luzea Lasarte-Oriako teknikariak eta prentsaurrekoan azaldu modura, etxera itzulera bat da. Sei urtez, Realean talde ezberdinak zuzendu eta teknifikazio arloan ere lanean izan zen herritarra. Hala nola, bigarren taldearekin Bigarren Federaziora igotzea lortu zuen. Joan den denboraldian Alvarez SD Eibarren bigarren entrenatzaile gisa aritu da Liga F-n .
Realeko lehen taldea ez du arrotz. 2017-2018 denboraldian bigarren entrenatzaile izan zen eta hiru jardunaldiz, taldearen ardura hartu behar izan zuen behin-behinean. Orduan, Realak jokoan zeuden bederatzi puntuetatik bost eskuratu zituen, garaipen bat eta bi berdinketa lortuta.
Pozarren eta lan egiteko gogoekin agertu zen Alvarez aurkezpenean eta erronkari aurre egiteko ilusio handiarekin. Denboraldia hasi berritan hasteak, proiektua eraikitzen jarraitzeko bidea emango diola eta taldearekin izandako lehen saioan guztiak etorkizunari begira daudela azaldu zuen.
Realeko arduradunek adierazi zutenez, Alvarezek "klubaren lan ildoari eta ereduari jarraipena ematea ahalbidetuko du. Realaren egitura eta nortasuna sakon ezagutzen ditu, baita klubak futbola ulertzeko duen modua ere".
Lehen proba
Hitzordu garrantzitsuari aurre eginez emango dio hasiera bere karguari, Txapeldunen Ligako sailkapen partidarekin. Chelsea izango du gaur, hilaren 2an, aurrez aurre Realak Zubietan, 19:00etan.
Ez du lan makala izango. Londresen 5-2 galdu ostean, hiru goleko errentari itzulia eman behar dio talde txuri-urdinak. Emaitza aurkako izaten bada ere, UEFAren Europako ligan jokatuko du Realak.