Udako soberakinak prezio berezietan eskainiko dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2026ko irailaren 1a

Iraila hastearekin batera, agerraldia egin dute herriko merkatariek. Bideo Lagunak komertzio atarian batu dira, egunotan aurrera eramango duten Stock Azokaren berri emateko. 

Hilaren 3tik 5era aurrera eramango du Aterpea merkatarien elkarteak Stock Azoka. Hala jakinarazi du Mabel Pedreira, Mabel Moda dendako nagusiak eta aipatu elkarteko lehendakariak. 

Horrekin batera, ekimenaren xedea zein den ekarri du gogora: udako denboraldiko soberakinak bezeroen eskura jarri, eta horiek saltzea; "prezio bereziak eta eskaintza ederrak" izango direla iragarri du. Hala, orain arteko edizioetan bezala, oraingoan ere eskaintza horiek ekimenean parte hartuko duten denda atarietan jarriko dituzte. Guztira hamalau establezimenduk parte hartuko dute: Deco 75 Textil Hogar, Olmi mertzeria, Leder oinetakoak, Urruzola mertzeria, Arregui elektrizitatea, Iturbe zapata denda, Nogues Moda, Multiopticas, Bideo Lagunak, Mabel Moda, Pintamil margoak, Imagine jantzi denda, Amali jolas denda eta Lilura liburu denda. 

Herria dinamizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute merkatariek. Hori horrela, agerraldia baliatu dute herritarrak deialdietan parte hartzera animatzeko. 

Udalaren adieazpenak

Aterpeako kideen ondoan izan da Sozioekonomia saileko zinegotzi Nuria Fernandez ere, eta Pedreiraren ostean, berak hartu du hitza. Lasarte-Oria dinamizatzeko egiten duten ahalegina eskertzearekin batera, herritarrak kanpainarekin bat egitera deitu ditu.