"Administrazioa herritarrei hurbiltzeko hiru gune" jarri dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2026ko irailaren 1a

Kultur etxeko makina.

Udal kontuak gestionatzeko edota NAN elektronikoa eguneratzeko hiru gune ezarri ditu udalak erregistroan, kultur etxean eta Maialen Chourraut kiroldegian. Helburua da tramite horiek "erraz eta jendaurreko ohiko ordutegietara mugatu beharrik gabe" egiteko aukera ematea lasarteoriatarrei. Nolanahi ere, erakundeak gogorarazi du aurrez aurreko arreta ordezkatu ez, osatu egingo duela. 

Gune horietan izapide hauek egin ditzakete herritarrek, besteak beste: erroldako ziurtagiri eta dokumentu ofizialak lortzea eta inprimatzea; erregistro elektronikoak identifikazio digitaleko sistemen bidez aurkeztea (BakQ edota NAN elektronikoa, kasurako); ordainagiriak eta isunen jakinarazpenak kontsultatzea eta inprimatzea; udal ordainagiriak ordaintzea; eta ikuskizunetarako sarrerak erostea.

Herritarren Partaidetzako zinegotzi Nagore Duranek nabarmendu duenez, udal ordezkariek nahi dute erakundearekin egin beharreko tramiteen prozesua "gero eta errazagoa" izatea: "Administrazioak pertsonen errealitatera, ordutegietara eta beharretara egokitu behar du aukera gehiago eskainita, baina aurrez aurreko arretari uko egin gabe".