Abuztuaren 31ko ekimenetan parte hartu dute zenbait herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2026ko irailaren 1a

San Telmo museo parean atera zuten talde argazkia. Irudia: Isaac Farre Rico.

Urtero lez, jarduera ugari aurrera eraman dituzte Donostian, tropa ingeles-portugaldarrek hiri horretan 1813an burututako sarraskia oroitzeko. LOZET zein ATLO elkarteko kide batzuek antolatutako ekimenetan parte hartu dute.

Egun berezia izan zen atzokoa Donostian, duela 213 urte tropa ingeles-portugaldarrek hiria suntsitu zuteneko eguna gogoratzekoa. Egun batzuez harresiak bonbardatu ostean, sartzeko zirrikitua topatu eta garai horietan hiria kontrolatzen zuten frantsesen aurka borrokatzeaz gain ahal bezala bizi ziren donostiarrak sarraskitu zituzten; 1.500 pertsona inguru hil ziren erasoagatik eta ondoren izandako epidemiek jota. 

Gertakari horiek ez ahazteko helburuarekin urtero antolatzen dituzte ekimen mordoa Abuztuaren 31n. Horietako zenbaitetan urteak daramatzate parte hartzen ATLO herriko danborrada taldea zein LOZET eragilea, erraldoi, buruhandi eta zezensuzkoekin herriko ekimen ugari alaitzeaz arduratzen dena. Aurrenekoak ejerzitu aliatuko danborjoleak izan ziren, eta bigarrenak, berriz, ejerzitu ingeles-portugaldarreko zein frantseseko kide izan ziren.