Santa Ana parodiaren balorazioa egin du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko uztailaren 29a

Argazkia: Lasarte-Oriako Udala

Santa Ana Egunaren kari, aurrera eramandako jarduerak "arrakastatsuak" izan direla nabarmendu du Lasarte-Oriako Udalak

Lasarte-Oriak bere jai egutegiko ospakizun errotuenetako bat bizi izan du aurten ere; Santa Ana eta San Joakin eguna.  Hori horrela, ospakizunaren harira antolatutako egitarauko jarduerak bi asteburutan aurrera eraman dituzte eta, ohi bezala, ehunka herritar bildu ditu. "Tradizioa, gastronomia eta herri kultura" uztartu dituela nabarmendu du udalak.

Ospakizunak hilaren 19an, igandearekin, hasi ziren, jai egun nagusia baino astebete lehenago. Okendo plazan jarritako azoka tradizionala aurrera eraman zuten egun horretan. Dozenaka artisau postu batu ziren bertan, eta askotariko produktuak eskaini zizkietan bertratu zirenei. Hitzordu horrek "jende ugari" erakarri zuela azpimarratu du Udalak. 

Hilaren 25ean, berriz, larunbatarekin, Santiago Egunean, hain zuzen ere, Aterpea merkatarien elkarteak antolatutako Santa Ana Pintxoaren dastaketan parte hartu zuten lasarteoriatar askok. Herriko zenbait ostalaritza establezimenduk parte hartu zuten ekimenean, egun horretarako bereziki prestatutako proposamen gastronomikoa eginda, eta berriro ere jendearen erantzun "bikaina" jaso zuen jarduerak, "tokiko ostalaritza eskaintzaren kalitateari balioa emanez".

Egun bat geroago, hots, hilaren 26an, igandearekin, Santa Ana eta San Joakin egunean, ohiko ekitaldien txanda iritsi zen. Ama Brigiden Komentuan ospatutako mezaren ondoren, Erketz EDTko dantzariek, urtero bezala, dantza erakustaldia eskaini zuten Santa Ana karkaba parean. Arratsaldean, berriz, taldeak herriko kaleak zeharkatu zituen eta jende ugari bildu zen. Eta ospakizun egunari ginga jartzeko, "ekitaldi berezienetako bat" aurrera eraman zuten: parodia.  Ordu eta erdi pasako iraupena izan zuen ikuskizunak, eta Okendo plaza herritarrez bete zen. "Umoretik eta satiratik", tokiko gaurkotasuneko gertaera nabarmenetako batzuk antzeztu zituzten. 

Edizio honetan, Michelin kiroldegi berria eraikitzeko lanek zehaztu dute antzezpenaren hari nagusia. Tradizioak adierazten duen bezala, parodiak herri epaiketa bat irudikatu zuen, non bi pertsonaia (Yussuf Yon Dirugoseandia Demassa eta Rasputina Txorizova De La Casa), botere politiko eta ekonomikoari lotutako estereotipoen irudikapen karikaturizatua, epaitu zituzten beren jarduketengatik. Azkenean kondenatu eta sutan erre zituzten. Epaiketa horretan, hainbat pertsona agertu ziren, eta, lekuko gisa, gertaerei buruz zuten ikuspegi berezi eta partziala azaldu zuten. Antzezpenean, gaurkotasun lokaleko beste gai batzuk ere aipatu ziren, hala nola, Azkorteko ermitan egindako jardunaldia, edo Eskuzaitzeta inguruan garraio publikoaren bidez kartzela berriranzko konexiorik ez izatearen gaineko eztabaida, baita joan den neguan udal igerilekuko estalkia konpontzeko lanak ere. Michelingolangileen greba historikoaren 50. urteurren urtea izanik, oroitzapen eta aitortza une batzuk ere izan zituen ikuskizunak. Gertakari hori antzezpenaren hainbat pasartetan agertu zen, Lasarte-Oriako memoria kolektiboaren parte den gertaera baten omenaldi gisa.

Erakundearen eskertza

Udalak eskerrak eman nahi dizkie ospakizun horiek guiztiak bizirik mantentzea posible egiten duten erakunde eta kolektibo guztiei. Bereziki gogoan izan ditu Aterpea merkatarien elkartea, Erketz Euskal Dantza Taldea eta Ttakun Kultur Elkartea. Horiek guztiek egindako lana aitortu nahi izan du, baita aurten ere Santa Ana Lasarte-Oriako jai egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat izaten jarrai dezan lagundu duten pertsona guztien parte hartzea ere.

Hala, nabarmendu du, jardueretan izandako "parte hartze handiak" agerian uzten duela jaiegun horrek herritarren artean duen "errotze handia". Hori horrela, adierazi du horrek berretsi egiten duela "Lasarte-Oriako kultura eta identitate ondarearen parte diren tradizio batzuk kontserbatu eta sustatzeko udalak duen konpromisoa".